Alokairu babestuko 500 etxebizitza funts putre baten esku geratu dira Gasteizen

2020/04/24
Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Salburuako eta Zabalganako Vitalquiler sozietatearen 500 etxebizitza funts putre baten eskura pasatzeko

Salburua eta Zabalgana auzoetan alokairu babestuko baldintzetan Vitalquiler (Adaniaren eta Kutxabanken partaidetza duena) kudeatzen ari zen 500 etxebizitza baino gehiago Catella funts putrearen jabetzakoak izango dira, Iruñean eta Donostian duela gutxi beste funts putre batzuekin gertatu den bezala.

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du ehunka familiak alokairu babestua izatetik beren etxebizitza putre funts baten menpe egotera pasatzeko, "2033ra arte alokairu eskuragarria mantentzearen truke". Alokairu sozialeko parke publikoko etxebizitzek soilik ahalbidetzen dute kolektibo ahulenen beharrei erantzuteko politikak egitea.

Eusko Jaurlaritzak nahiago du etxebizitza horiek funts putre baten esku geratzea, Euskal Etxebizitzaren Legean aurreikusitako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea erabili baino, Kaleratzeak Stop elkarteak esan bezala.

Egoera horrek islatzen du norentzat egiten den etxebizitza-politika eta zer interes babesten diren: babestutako etxebizitzarekin espekulatzen uzten zaie ia zergarik ordaintzen ez duten funts putreei, eta tratamendu fiskal pribilegiatua dute.

ELAk alokairuko etxebizitza babestuen parke publiko bat exijitzen du, etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea bermatzeko neurri gisa. Horrez gain, beharrezkoa da alokairu-prezioak kontrolatzeko neurriak ezartzea. Bestela etxebizitzak espekulaziorako tresna bezala hartzen dira eta ez oinarrizko eskubidetzat.