Alokairuaren batez besteko prezioak marka guztiak hautsi ditu EAEn: 1.047,7 euro

2019/06/03
Alokairuaren batez besteko prezioa %10 igo da EAEn urte artean eta etxebizitzarena %8,9. Herrialde bakoitzean egon den bilakaera desberdina izan den arren, datuek argi erakutsi dute azken urteetan prezioen bilakaera oso antzekoa izan dela: 2013tik igoera orokorra ematen ari da alokairuetan. EAEn, 2013tik alokairuaren batez besteko prezioak %26,9 egin du gora.

ELAtik behin eta berriro ohartarazi dugu etxebizitzaren alokairuen etengabeko prezioen igoeraz. Azken artikulua 2018ko maiatzean plazaratu genuen, `Alokairuaren burbuila ote dator?´ izenburupean. Urtebete geroago, berriro ere, errekor historikoa daukagu alokairu librean eskainitako etxebizitzen batez besteko errentan, urtez urte edo hiruhilekoz hiruhileko gainditzen den marka.

Eustatek aditzera eman dituen 2019ko datuek erakusten dutenez, EAEn lehen hiruhilekoan alokairuaren batez besteko prezioa 1.047,7 eurokoa izan da, hau da, pasa den urtekoa baino %10 handiagoa, hura 952,2 eurokoa izan baitzen. Ez da soilik izan alokairuan gertatu den fenomenoa, etxebizitzaren salmentaren prezioa ere %8,9 igo delako 2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz.

Datu hauek herrialdeka aztertzen baditugu, errealitate desberdina hauteman dezakegu:

  • Gipuzkoa da alde handiaz egoera okerrenean dagoena, alokairuaren batez bestekoa 1.257,2 eurokoa izan delako, urte arteko %16,2ko igoerarekin.

  • Bizkaiari dagokionez, alokairuaren prezioa izugarri altua izaten jarraitzen duen arren, 967,3 eurokoa zehazki, azken urtean %0,3 igo da.

  • Arabako batez besteko alokairuaren prezioa, 882,1 eurokoa, %11,8 igo da azken urtean.

Etxebizitzaren alokairuaren batez besteko prezioaren bilakaera 2013-2019

 

Frogatuta gertatzen da, hortaz, alokairuaren prezioa gorantz doan heinean, jendearen beharrizanak eta arazoak ere handitzen direla. Beharrezkoa da aipatzea ez dela kasualitatea Gipuzkoan prezioak era horretan igo izana. Turismoak eta oporretako etxebizitzek erlazio zuzena izan dute horretan. Izan ere,  arazo horren erantzule nagusiak direla baieztatu dezakegu.

Beraz, argi dago merkatuek ez diela pertsonen beharrizanei erantzunik ematen. Eskaintza eta eskaria da, eta hortaz espekulazioa, denaren gainetik dagoena. Horregatik, ELAn uste dugu beharrezkoa dela etxebizitzaren gaian egiturazko aldaketa bat egitea eta hori dela eta, zenbait neurri proposatzen ditugu:

  • Alokairu sozialeko etxebizitza baten sarbidea bermatzea pertsona guztiei.

  • Prezioak ez ezik, oporretako etxebizitzak ere mugatzea.

  • Alokairua bultzatu, jabetzaren gainetik.

  • Hutsik dauden etxebizitzak okupatu.

  • Lurralde antolaketa eta lurzoruaren kudeaketa.