Argentina, NDF eta zorra: lehengo lepotik burua

2018/07/27
Argentina albiste izan da Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Macriren gobernuarekin 50.000 milioi dolarreko erreskatea hitzartu duelako. Cambiemos, enpresarioaren alderdia, pozik agertu da hiru urterako akordio honekin, zeinak doikuntza fiskala egitera derrigortzen duen eta 2020rako defizita kentzera. Baina, zer esan nahi du erreskateak? Pozteko modukoa da, edo aitzitik, langile-klasearentzat kezkagarria? Artikulu honetan galdera horiek erantzuten saiatuko gara, eta Argentinako egoera sozioekonomikoa zein den aztertuko dugu.

 Argentinako gobernuak eta NDFk sinatu duten akordioaren xehetasunetan sartu aurretik, errepara diezaiogun Christine Lagardek gidatzen duen erakundeari, eta herrialde latinoamerikarraren iraganari.

Attac-Argentinako Maria Elena Saludas arduradunak gogoratzen duenez, NDF 1944an eratu zen Bretton Woodseko Akordioen baitan. Estatu Batuen hegemoniaren peko mundu sistemaren tresna gisa sortu zen; beraz, ez da neutrala. Zeharo antidemokratikoa da, herrialde aberatsenek Administrazio Kontseiluan botoen erditik gora baitute. Esan daiteke, halaber, nazioarteko potentzia nagusien bitartekoa dela sistema kapitalistaren iraupena eta enpresa transnazional handien interesak zaintzeko. Hasieratik bertatik herrialdeetan muturra sartzeko logikari jarraitu dio: bere “laguntza” eskatzera jo duten herrialde guztiei “doikuntza estrukturala” delakoaren programak ezarri dizkie.

Argentina eta NDF ezagunak dira aspaldidanik. Herrialdeak krisi larria pairatu zuen lehengo mende bukaeran. Kanpo zorra hazten ari zenez, gobernuak NDFrekin bi operazio adostu zituen, zorpetzeko eta birfinantzatzeko: Blindaje eta Megacanje izan ziren. 2001eko urtarrilean 40.000 milioi dolarreko kreditua jaso zuen, eta irailean beste 8.000 milioi. Haatik, “laguntza” hura alferrekoa izan zen, kapitalak arrapaladan ihes egiten ari zirelako, eta NDFk erreskaterik eman nahi ez zuelako, egoera jasangaitza bilakatu zen.

2001eko abenduan krisiak derrigortu zuen diru likidoaren erabilpena mugatzera epe finko, kontu korronte eta aurrezki-kutxetan; hori izan zen zorioneko corralitoa. Hilabete hartan bertan, Adolfo Rodreguez Saaren gobernuak default egoera deklaratu zuen, zorraren eta bere interesen ordaina eten zuelarik (zorra ordurako 144.000 milioi dolarrekoa zen). Gero Nestor Kirchnerren gobernuak hartzekodun gehienekin zorra berregituratzea adostu zuen, %70eko kitarekin. Alabaina, putre-funtsek osatutako hartzekodunen talde txiki batek, bonuak prezio barregarrietan erosi eta gero, kitatze hori ez zuen onartu, eta Argentinako gobernua AEBetako auzitegietan salatu zuen. Macri boterera iritsi zenean putre-funts horiekin hitzartu zuen ordaina, kutxa publikoentzat izugarrizko kostuaz.

Macriren gobernuarekin Argentina noraezean dabil. Hona hemen Macrik NDFri laguntza zergatik eskatu zion:

  • Finantza-espekulazioak burbuila bat sortu zuen Lebac-en (epe laburreko zor-tituluak, Argentinako Banku Zentralak jaulkitakoak) interes-tasa altuen inguruan.

  • Merkataritza-defizitak marka historikoa ahutzi zuen, inportazioek gora eta esportazioek behera egin zutelako.

  • Gainera, kanpo-zor publikoaren pisua etengabe hazi da 2015etik hona. Urte hartan BPGaren %15,8ean zegoen, eta 2018an %35a gaindituko duela espero da.

  • Argentinako Banku Zentralak 10.000 milioi galdu zituen truke-tasa egonkortu nahian; pesoak bere balioaren %23 galdu zuen apirilaren 19tik maiatzaren 15era bitartean; dolarrak 28 pesoko balioa hartu zuen. Corrida bancaria delakoak (hau gertatzen da banku baten bezeroek epe laburrean saldoka gordailuak erretiratzen dituztenean, etorkizunean diru guztia galduko dutelako beldurrez), apirilaren amaiera aldera hasi zenak, diruaren balioa ia %35 jaistea eragin zuen urte hasierarekiko.

  • Corridak eragindako kostu izugarriaren ondoren defizit fiskala ere puztu egin zen.

  • 2018ko lehen hiletan soldaten batez besteko balioak eros-ahalmena galdu zuen. Inflazioa areagotzearekin batera (%30era irits daiteke), soldata errealek astindu gogorra jasango lukete.

Horrenbestez, Macrik Argentina jasan ezineko egoerara eraman du bere politika neoliberalekin, hauek desoreka makroekonomiko larriak eragiten baitituzte. NDFaren mailegua zen goiko klaseei mesede egiteko geratzen zitzaion aukera bakarretakoa. 

Kreditu-programan 50.000 milioi dolarreko mailegua aurreikusi da. Horietatik 15.000 berehala erabil ditzake. Gainerako 35.000k, berriz, datozen hiru urteetan jaso ahal izango ditu gobernuak hitz emandako programa ekonomikoa betez gero. Ogasun ministroak Lagarderi bidali zion intentzio-kartak dioenez doikuntza fiskala eta diruarena areagotu egingo da; beraz, aurrekoa baino fase are errezesiboagoa hasiko da, herritar gehienen kalteerako. Aipatutako kartak honako puntuak aipatzen ditu:

  • Enplegu publikoaren murrizketa. Centro de Economía Política de Argentina (CEPA) erakundearen arabera, 30.000 enplegatu publiko kaleratuko dituzte 2018 eta 2019an.

  • Lehiakortasuna bizkortzeko funtsezkoak ez diren” herrilan proiektuak atzeratu egingo dira.

  • Distortsioa eragiten duten zergak” murrizte aldera egin beharreko aldaketak gauzatzeko epea luzatu egingo da.

  • Probintziei egiten zaizkien eta gastua eragiten duten “transferentzia diskrezionalak” gutxitu egingo dira.

  • Energia eta garraiorako dirulaguntzak areago murriztuko dira (56.000 eta 30.000 milioi dólar, hurrenez hurren).

  • Argentinar gobernuak ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko egiten duen gastua %15 murriztuko du, kopuru errealetan, 2018an iazko mailarekiko, eta 2019an ere prozesu horri eutsiko zaio.

Hauek Macriren gobernu eskuindarrak ezarri nahi dituen neurrietako batzuk besterik ez dira. Agerikoa da funtsean murrizketak direla. CEPAren ustez gizarte-gastua zeharo moztuko da: soldatetan, 78.000 milioi dólar gutxiago; pentsioetan, 50.000; gizarte-laguntza eta AUH direlakoetan, 30.000 miloi, eta programa sozialetan, 30.000 milioi. Baina 2019an ere murrizketa gehiago izango da, besteak beste, herrilanetan 30.000 milioi gutxiago, unibertsitateetan, 20.000 milioi, hezkuntzan, 15.000 milioi, eta osasungintzan, 2.000 milioi.

Beraz, lehengo lepotik burua, doikuntza fiskal honek -zeina aurrekoa baino gogorragoa izango den- Argentinan politika neoliberalak areagotu egingo baititu. Ondorioa, gizartea txirotzea eta nazioaren burujabetzaren galera gero eta handiagoa.