Arrakala ez da soilik soldatetan ematen

2021/01/29
Kaleratzeagatiko kalte-ordaina % 32 txikiagoa da emakumeentzat, eta atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan, estatuko nazionalitatea dutenen herena.

Lan Ministerioak kaleratzeen kalte-ordainen zenbatekoari buruzko estatistika argitaratu berri du. Jakina, estatistika honek kaleratzeak bakarrik kontabilizatzen ditu (objektiboak edo diziplinazkoak), eta kanpoan uzten ditu aldi baterako kontratu bat ez berritzeagatik lana galtzen dutenen kasua, edo ABLEen bidezko kontratuak, praktika-kontratuak, etab.

Hau kontuan hartuta, 2018an 30.870 kaleratze zenbatu dira Hego Euskal Herrian (24.229 EAEn eta 6.641 Nafarroan). Kaleratze kopuruari dagokionez zifra hori esanguratsua den ala ez alde batera utzita, errealitate bat erakusten du kontratu motaren edo sexuaren araberako indeminizazioen batez besteko zenbatekoak.

Lanaldi osoko kontratu mugagabe baten kalte-ordaina 21.185 eurokoa izan zen batez beste, eta lanaldi partzialeko kontratu mugagabe baten kalte-ordaina, berriz, 4.038 eurokoa. Hori da partzialtasunaren beste ondorioetako bat, emakumeek lanaldi partzialeko 10 enplegutik 8 dituztelarik.

Kontratua aldi baterakoa bada, lanaldi osoko batez besteko indemizazioa 1.611 eurokoa izan zen, eta lanaldia partziala bada, 742 eurokoa.

Gizonen eta emakumeen arteko aldea kaleratzeetan ere ikusten da. Emakumeek batez beste gizonek baino % 32,7 gutxiago kobratzen dute, hau da, heren bat gutxiago.

Bestalde, atzerriko nazionalitatea dutenek, batez beste, estatuko nazionalitatea dutenen indeminizazioaren herena kobratzen dute.

Datu horiek erakusten dute emakumeen, atzerriko nazionalitatea dutenen edo kontratu prekarioa dutenen egiturazko prekarietatea soldatatik eta lan-baldintzetatik askoz harago doala.