Atutxaren PwC-ek Bizkaia Dorrearen lizitazioa lortu du

2020/10/14
Bizkaia Dorrea, bizkaitarren gizarte-beharrizan larrien gainetik, enpresen nazioartekotzea lehenesten duen proiektua

Bizkaiko Foru Aldundiak tematuta jarraitzen du enpresen nazioartekotzearen aldeko apustuarekin, nahiz eta agerian geratu den orain arte nolako porrot handia izan den eta egungo pandemia-egoeran merkatu globalak zein hauskorrak diren. Bizkaia Dorrea da apustu horren adibiderik adierazgarriena. Izan ere, Primark bat eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoak ez ezik, Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroa hartuko du eraikinak. Zentroak, gutxienez, 26,5 milioi euroko kostua izango du herritarrentzat, krisialditik ateratzen lagunduko digun itsasargi ekonomikoa izango delakoan. Alferreko beste proiektu erraldoi bat, guztion diruarekin ordaindua. Bien bitartean, egunero ikusten ari gara euskal ekonomia ez dela gai bizitza duinari eusteko beharrezkoak diren ondasun eta zerbitzuak ekoizteko; gure energia eta elikadura mendekotasunak areagotu egiten ari direla; tokian tokiko merkataritza gure auzoetatik desagertzen ari dela, marka/frankizia handiek ordezkatuta, dakarten prekarietate-ereduak lurralde osoa kolonizatzen duela; hezkuntza publikoari oinarrizko eskubide bat bermatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak ukatu egiten zaizkiola; lehen arreta eta bere aldarrikapenak erdeinatu egiten direla; ia erresidentzia guztiak pribatizaturik egonik, ez dela zaintza duinik bermatzen; ekonomia solidarioak eta elikadura burujabetzak zokoraturik jarraitzen dutela, gaur egun estrategikoak diren arren; eta Primark-en eta antzeko enpresetan lan baldintzen prekarizazioa sakontzen ari dela

Hori gutxi balitz bezala, eta ohikoa den bezala, Bizkaia Dorrearen Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroaren kontratazio prozesuan betiko prozedura ilunak ikusi ditugu: enpresa handiak lehenestea, gardentasun eza eta klientelismoa. Horrela, bada:

  1. Eraikinaren jabetza Ángelo Gordon inbertsio funtsarena da. Instituzio publikoek ekintzailetzaren eta berrikuntzaren arloan egingo duten apusturik handiena funts putre baten jabetzako eraikin batean oinarrituko da. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektua nolakoa den bete-betean islatzen du horrek.
  2. Aurtengo urtarrilean, lehiaketa hutsik geratu zen. Nola gerta daiteke hori, proiektua horren estrategikoa eta garrantzitsua izango bada?
  3. Martxoaren amaieran, itxialdi betean geundela, errenta irregularrei PFEZren zerga tasak aldatzen zizkien Foru Arau bat onartu zuten PSEk eta EAJk, alegia, errendimenduen erdiei dagozkien zergak baino ez dituzte ordainduko funts putre direlakoek, eta Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentroarekin zuzenean lotuta dago proposamen hori.
  4. Ekainean irekitako lizitazio berriak kontratazioaren zenbatekoa 26,5 milioi euroraino igo zuen, hau da, hasierako lizitazioaren balioa baino % 40 gehiago; aldi berean, krisi sozial bat areagotzen ari da. Nola da posible zalantzazko etekin ekonomikoak izango dituen proiektu bati 10,5 milioi euro gehiago ematea, tokiko ehunka saltoki ixten ari direnean eta egoera sozial eta ekonomiko dramatikoa bizi dugun honetan?
  5. Lizitazioa negoziatu izaerakoa da, bi enpresek hartu dute parte soilik eta azkenik Asier Atutxaren PwC-ek lortu du proiektua.

 Pandemia honek gehiengo sozialok gogor astindu gaitu, eta ezin dugu onartu eskura dauden baliabide urriak klientelismotik eta gardentasun ezetik kudeatzea, elite batentzat onura lortzeko eta gehien dutenei alfonbra gorria ezartzeko, areago, nazioarteko abentura honetatik etekinik ateratzeko inolako bermerik ez dagoenean, gainera. Praktika mota hau errotik kendu beharra dago. Hori dela-eta, proiektua bertan behera uztea eta zenbatetsitako aurrekontua lurralde mailako garapen eredu bat bultzatzera erabiltzea exijitzen dugu; garapen eredu bat, tokiko ekonomia sustatuko duena eta bere eragile protagonistak (kooperatibak, ETEak, autonomoak eta abar) lagunduko dituena, herritarren benetako beharrizanei erantzungo diena eta zerbitzu publikoak hobetzen lagunduko duena.