Atzerriko nazionalitatea duen lau langabetik hiruk ez du inolako langabezia prestaziorik kobratu

2021/12/02
Azken langabezia datuei erreparatuta, enplegua gero eta prekarioagoa dela eta langabezian daudenen babesgabetasun egoera guztiz kezkagarria dela ondorioztatu du ELAk. Gehitu duenez, enplegu politiken eta lan erreformen ondorio zuzena da hori. Gauzak horrela, sindikatuak dei egin die Madrilen ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdiei murrizketa gehiago ekarriko dituen edozein erreformaren aurka bozkatzeko eta lan erreformak indargabetzearen alde egiteko.

Langabeziak behera egin du azken hilabetean (1.076 pertsona gutxiago), 149.481 pertsona izanik SEPEn izena emanda. Urte arteko datuei erreparatuz gero, 22.482 pertsona gutxiago daude izena emanda langabezian. Langabeziak eragin handiagoa du emakumeengan. Langabeen %56,9 emakumeak dira, enplegua duen biztanleriaren erdia baino gutxiago (%48,2).

Langabeziagatiko babesari dagokionez, langabezian dauden pertsonen erdiek baino gehiagok ez dute inolako prestaziorik edo subsidiorik kobratu (%54,8k), eta langabezian dauden lau pertsonatik batek bakarrik kobratu du kotizaziopeko prestazioa. Egoera hori are okerragoa da atzerriko nazionalitatea dutenen artean; izan ere, lautik hiruk ez du langabezia prestaziorik edo subsidiorik kobratu, eta soilik zazpitik batek (%14,1) jaso du langabeziagatiko kotizaziopeko prestazioa.

Kontratuei dagokienez, 2021ean sinatutako kontratuen %91,4 aldi baterakoak izan dira, eta horrek erakusten du kontratu berriak prekaritatean oinarritzen direla.