Migrazioa

Atzerritarren Araudi berriak murriztailea izaten jarraitzen du

2025/05/26
Araudi berria maiatzaren 20an, asteartean, sartu zen indarrean, eta, atzerritarrentzako bizileku, erregularizatze eta berrelkartze prozeduretan egiturazko aldaketak sartzen baditu ere, kolektibo ahulak kanpoan uzten dituzten baldintzak ere gogortzen ditu.

Errotzea eskatzeko beharrezkoa den egonaldia 3 urtetik 2ra murrizten da, eta, horrela, jada integratuta baina egoera irregularrean dauden pertsonek lehenago legezko bizileku baimena izatea errazten da. Bigarren aukerako errotzea ere onartzen da, baina baimena lortu eta galdu zutenentzat eta bi urtez Espainiako lurraldean egon direnentzat bakarrik da.

Aukera hau ez da aplikagarria asiloa eskatzen duten pertsonentzat. Kasu horretan, nazioarteko babes eskaera ebatzi arte igarotako denbora ez da zenbatuko errotze erregularizaziorako. Hori da pertsona horien kezka eta segurtasun falta handienetako bat, galdutako denbora delako eta ez duelako balio errotzeagatik erregularizatzeko. Kontagailua iritsi zirenean bezala dago, 0an. Eta dagoeneko prozeduran murgilduta daudenek eta maiatzaren 20tik aurrera ukapena jasotzen dutenek ere ez dute onurarik jasoko, denbora hori ez baitzaie zenbatuko. Erreformak kolektibo hori zigortzen du bereziki. Horrela, erregularizazioa asko zailtzen da, eta luzatu egiten da administrazio irregulartasuneko denbora, egoera horretan dauden pertsonentzat horrek dakarrenarekin; izan ere, pertsona horiek funtsezko eskubide bati uko egingo diote edo atzera egingo dute kasu askotan.

Familia errotzeko baimena eta senide komunitarioaren baimena bateratzeak bai senide zuzenak bai “familia zabala” bezala ezagutzen dena biltzen ditu, baina kanpoan uzten ditu aurreko mailako senideak.

Ikasle txartelaren kasuan, nahiz eta hobekuntzaren bat erregistratu, ikasketak eta lana bateragarri egitea ahalbidetuz, 30 ordu arte lan egiteko aukera ematen da trebakuntza egiten den bitartean eta behin bukatuta lan eskaintza edo kontratu bat aurkeztuta bizileku baimena lan batengatik aldatu ahal izango da, lanekoak ez diren praktikak eta ikerketa jarduerak egiteko aukera gogortzen da. Adingabeak ikasketak egiteko aukeratik kanpo geratzen dira ere.

Araudi honek dagoeneko ondorioak ditu eta ez du berehalakoan jende askoren irregulartasun egoera konponduko, horrek haien bizi baldintzetan duen eraginarekin. Disuasio efektuak funtzionatzen du. Horregatik, beharrezkoa da hobekuntzak lortzeko beste bide alternatibo batzuen aldeko apustua egitea, hala nola ORAIN! Erregularizazio lortzeko Herri Ekimen Legegilea.

Azkenik esan, hitzak eta baieztapenak zaintzea beti garrantzitsua dela. Migratzea eskubide bat da, aberastasuna da, alternatiba bat izan daiteke, behar bat, ihes bat, aukera bat, baina inoiz ez da selektiboa izan behar, ezta parametro ekonomikoen arabera soilik aztertzen den zerbait.