Bankuen sektoreari egindako kexek gora egin dute, eta CaixaBankek eta BBVAk EEEekin erantzun dute

2021/05/03
Duela aste batzuk Kutxabank Publikoa plataformak bankeetxeen aurkako kanpaina bat jarri zuen martxan. Joan den astelehenean, pentsiodunek astero egiten duten elkartarazean banketxeek, abusuzko banku-komisioak, sukurtsalak ixtea eta aurrez aurreko arreta murriztea salatu zuten, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak erakundeak ere salatu du migratzaileek ere bankuen diskrimazioa jasaten dutela.

 

Agerikoa da banku-sektorearekiko eta haren kudeaketarekiko atsekabea eta kexa. Sukurtsalen itxiera, ilarak, arretaren murrizketa, bulegoen itxiera eta banku-komisioekiko abusua onartezinak iruditzen zaizkie bai herritarrei eta bai banku-erakundeetako bezeroei ere.

Kutxabank publikoa plataformak horren egoera jakitera emateko eta neurriak har daitezen, mozioak aurkeztu ditu hiriburuetan eta Batzar Nagusietan, pentsiodunak mobilizatu egin dira eta kezka agertu dute digitalizazioaren eta enpresa-kostuen murrizketaren aldeko zerbitzuaren kalteagatik, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak salatu duenez, nahiz eta legez banketxe guztiak behartuta egon egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonentzako oinarrizko ordainketa-kontu korrontea eskaintzera, ukatu egiten zaie eskubide hori.

Hala ere, argi dago erakundeek apustu garbia egin dutela informatizazioaren eta digitalizazioaren alde, eta handiak diren eta negozio-ahalmena duten bulegoak mantentzearen alde. Antolaketa- eta ekoizpen-arrazoi horiek kontuan hartuta eta arrazoi ekonomikoak batuta, Caixabankek eta BBVAk EEE bana aurkeztu dute, lan-kostuak murrizteko.

CaixaBankek 135 pertsona kaleratuko ditu Hego Euskal Herrian, 66 Nafarroan (840 langile guztira), 24 Araban, 23 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan (1.800 langile EAEn). Hasiera batean, enplegu-erregulazioko espedienteak Espainiako Estatuko 8.291 langileri eragingo ziela iragarri zuen erakundeak, baina aste honetan 500 gutxiago izango direla esan du, 7.791, hain zuzen ere. Teorian, 500 horiek taldearen enpresa filialetan birkokatu ahal izango dira, nahiz eta ez dakin zein baldintzatan. Gainera, erakundeak Estatu osoan dituen 5.639 sukurtsalen % 27 itxi nahi dira. CaixaBank Espainiako bankurik handiena da, 623.800 milioi euro ditu aktiboetan. Zentzu horretan, Bankiaren erreskatean erabilitako 24.069 milioietatik Espainiako Estatuak 3.303 milioi baino ez ditu berreskuratu.

BBVA ere horretan dabil. Guztira 3.798 langile kaleratzea nahi du, horietatik 12 Araban, 66 Bizkaian, 16 Gipuzkoan eta 20 Nafarroan. Era berean, Espainiako Estatuko iparraldeko 255 bulegoei dagokienez, 41 bulego itxi nahi dituzte. Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako legezko betebeharrean oinarrituta, birkokatze-plan bat aurkeztu da, Ranstad enpresaren kontura. Ranstad enpresa arduratuko da kaleratzeen eraginpean dauden langileei laguntza, aholkularitza eta prestakuntza emateaz. Teoria hutsa.

Bitxia eta lotsagarria da EEEk planteatzea dibidenduak banatzen diren bitartean. Adar-jotze bat, betikoen kontura. ELAk BBVAn dituen ordezkariak medio maiatzean hasiko den negoziazio prozesuaren jarraipena egingo du, mobilizazioa baztertu gabe.