LANGABEZIA GORA
Bigarren hiruhilabetez jarraian enpleguak emaitza txarrak izan ditu

Kontratu motei erreparatuta ere, datuak ez dira onak. Azken hiruhilekoan behin-behineko kontratua duten pertsonak 4.500 murriztu direla, baina iraupen mugagabekoak ere 3.300 murriztu dira. Beraz, aldi baterakotasun-tasa bi hamarren baino ez da murriztu, % 19,1ean kokatuz, eta hori horrela gertatu da enplegu mugagabea aldi baterakoa baino gehiago jaitsi delako. Alde horretatik, emakumeek prekaritate handiagoa pairatzen dute, behin-behinekotasun-tasa % 22,6koa baita. Azpimarratu behar da sektore publikoko tasak oso altua izaten jarraitzen duela, batez ere EAEn:% 46,8ra iritsi da dagoeneko.
Emakumeei gehiago eragiten dien beste gai bat nahi gabeko lanaldi partziala da. Lau emakumetik batek ( % 25,8) lanaldi partzialeko kontratua du; gizonen artean, berriz, tasa % 7,4koa da. Hori da emakumeek lan-eremuan jasaten duten diskriminazioaren beste erakusgarri bat.
Langabeziari dagokionez, 2023. urtea 126.400 langaberekin hasi da Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilekoan baino 3.500 pertsona gehiago. Emakumeen artean langabeziak nabarmen egin du gora: azken hiruhilekoan 6.500 pertsona gehiago eta urte arteko datuak adierazten du 11.100 emakume gehiago daudela langabezian. Gizonen artean, aldiz, hiruhilekoko alderaketan eta urte arteko datuan 2.900 gizon gutxiago eta 9.100 gizon gutxiago daude enplegu gabe. Hala ere, esan beharra dago enplegu gabe egotetik az aktibo izatera igaro direla; izan ere, esan dugun bezala, gizonen okupazioa ere murriztu egin baita.
HEHn langabezia-tasa hiru hamarren igo da, % 9,3ra arte, horren arrazoietako bat Nafarroako tasa bat-batean igo delako (hiruhileko bakar batean bi puntu igo da), % 12,1ean kokatuz, 2016tik ikusten ez zen zifra. Gizonen eta emakumeen langabezia-tasa da beste desberdintasun garrantzitsu bat da. Emakume langabeen gorakadaren eta gizonen beherakadaren ondorioz, aldeak handitu egin dira, eta emakumeen langabezia-tasa 2,3 puntu handiagoa izan da gizonena baino (% 10,5 eta % 8,2, hurrenez hurren).
Gauzak horrela, ELAk dio ezinbestekoa dela antolatzea eta mobilizatzea etorkizunean baldintza material hobeak izateko.