Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren eskaeren %0,75 bakarrik ebatzi dira

Espainiako Gobernuak 2020ko maiatzaren 29an onartu zuen Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera ezartzen zuen Errege Lege Dekretua. Ekainaren 15ean ireki zen eskabideak aurkezteko epea, eta irailaren 4an sinatu eta egin zen kudeaketa gomendioa arautzen duen hitzarmena, Lanbideri bizitzeko gutxieneko diru sarrera kudeatzeko gaitasuna ematen diona. Lanbidera bideratutako kudeaketa hori eskaera jasotzera, eskaeraren datuak informatizatzera eta GSra bidaltzera mugatzen da.
Datuek berretsi egiten dute ELAk prestazioa onartu zenean egindako salaketa:
- Kudeaketa-gomendioa zela, transferentziarik gabeko kudeaketa hutsa, GSk prestazioa jasotzeko emandako ebazpenaren arabera.
- Lanbideko eta gai horietan eskumena duten beste erakunde batzuetako langileen baliabide pertsonalik eta lan-baldintzarik ezak administrazio-karga handiagoa eta espedienteak berandu izapidetzea eragingo zutela.
- EAEn DSBE egonda, eskaerak bikoiztea ekarriko zuela, eta hartzaileak bi leihatilatara joan beharko zuela, eduki arautzaile eta espititu bera duten bi prestazio eskatzeko.
ELAk, halaber, tamalgarritzat eta onartezintzat jo zuen gizarte-prestazioak eta BGDS eskuratzeko baldintzak oso murriztaileak izatea, eta prestazioa ez onartzea banakako eskubidetzat, baizik eta familia-unitatearen diru-sarreretara baldintzatzea, prestazioaren titularraren kontrol eta eskakizun mailak lar izatea, zenbatekoak ez direla nahikoak, eta BGDSk ez duela inoiz EAEren eta Nafarroaren kasuan kopuruari dagokionez hobekuntzarik suposatutako Diru sarrerak bermatzeko errenta edo errenta bermatua jasotzen duten pertsonengan (BGDSren zenbatekoa txikiagoa delako). Bada, horri gehitu behar zaio are tamalgarriagoa dela ekainetik espediente horiek guztiak ebazteke egotea. Argi dago Eusko Jaurlaritzarentzat pobrezia eta desberdintasun egoerak eta pandemiak eragindako kalteberatasun ekonomiko eta sozialaren hazkundea ez direla lehentasun.
Gai honetan dagoen eraginkortasun eza, utzikeria eta borondate eza erabatekoa eta onartezina da. Ez gaitzatela engainatu, eta are gutxiago propaganda egin, azken aldiko asmo eta irmo bakarra prestazioen sistema murriztea izan da eta da.
ELAk egoera hori berehala zuzentzeko eskatzen du, eta gizarteko pertsona ahulenei tratamendu onartezin hori emateari dagozkionaren erantzukizun politikoak bere gain hartzea ere.