Bizitzeko gutxieneko diru sarrerak ez du hobetuko dagoeneko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Errenta Bermatua jasotzen dutenen egoera.

2020/06/16
Espainiar gobernuak 20/2020 Errege Lege-Dekretua, maiatzaren 29koa, onartu du, zeinak Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera (BGDS) ezartzen duen.

 

Testua hitz eta esaldi biribilez josita dago, baina hauek garatzean hutsean geratzen dira. Helburua omen da “pobrezia murriztea, batez ere muturrekoa, eta aberastasuna birbanatzea, horrela espainiar guztien arteko benetako berdintasuna iritsiz”. Haatik, eduki zehatzek erakusten dute dekretuaren zinezko asmoa.

 

Desadostasunak agertzen dira prestazio hau ezartzeko unearen egokitasunari eta izaerari berari buruz. Honen ondorioak:

  • Eskakizunak oso zorrotzak dira. Jasotzaileei dagokienez, banako eskubidea izatea baztertzen da, eta bizikidetza unitatearen sarrerekin lotzen da.

  • Prestazioaren titularra izango denaren gaineko kontrol eta exijentzia maila, gehiegizko betebeharrekin eta beti eskubide subjektiboa eten edo iraungitzeko mehatxupean, onartezinak dira eta arauaren kutsu ezkorra islatzen dute. Aurreko esperientzien poderioz kasu honetan ere muturreko baldintza horiek hasieratik salatu eta arbuiatzen ditugu.

  • Beti bezala, aipatzen da laguntza honek baduela arriskua lan merkaturatzeko borondatea moteltzeko. Argudioak aspaldikoak eta aski ezagunak dira.

 

Hain zuzen, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera DSBEaren isla zehatza da, eduki arautzaile eta asmoari dagokionez. Ez da sistema berria, EAEn DSBE eta Nafarroan EB bai baititugu (jakina da ELAk biei urriegi deritzela; salatu izan ditugu egin diren murrizketa handiak, aplikatzeko irizpide murriztaileak eta hobetzeko proposamenak ere plazaratu ditugu). Gainera, espainiar Estatuko autonomia erkidego guztietan errentak bermatzeko sistemak badira; beraz, BGDS ez da ezer berria, propagandak halakotzat saldu nahi badu ere. Noski, albiste ona da espainiar Gobernuak gutxieneko errenta bermatu bat ezartzea, baina erabakia berandu etorri da.

 

BGDS areago da gutxienekoa, bizitzeko sarrera baino. Bakarrik bizi den pertsona batentzatko zenbatekoa hilean 461,5 eurokoa da (urtean 5.538€). Zenbatekoa oso urria da, eta pobrezia atalasetik askoz beherago dago. Autonomia erkidego askotan zenbatekoa handiagoa da. Bakarrik dauden pertsonentzako errenta bermaturik apalena Madrilen ordaintzen da: hilean 400 euro. Beraz, bakarrik bizi diren pertsona askorentzako hobekuntza oso txikia edo hutsa izango da. Kide bat baino gehiago duten bizikidetza unitate batzuentzako eragina zertxobait handiagoa izango da, baina eskasa edo hutsa beste kasu batzutan. Gobernuak onartu duena zenbateraino den eskasa frogatzen du Lege Dekretuan aipatzen den 2020rako aurrekontuak: urte erdirako 500 milioi euro. Beraz, kontua bazen pobrezia egoera estrukturalak leuntzea, oso motz geratuko da.

 

 

BGDSaren zenbatekoa EAEn eta Nafarroan DSBEak eta EBak ematen duten errenta baino txikiagoa da; ondorioz, BGDSak ez du hobetuko laguntza hori jasotzen dutenen egoera. Salbuespen bakanak EAEn gertatuko dira:

  • 4 heldu edo gehiago biltzen dituzten bizikidetza unitateetan, zeintzuetan DSBEa 985 eurokoa den; BGDSarekin 1.015 euro izango dira.

  • DSBE jasotzeko hiru urtez erroldatuta egon behar da. BGDSak eskatzen du lurraldean urtebetez modu iraunkorrean bizi izana; horrenbestez, DSBEa jaso ezin duten kolektibo batzuei BGDS ordainduko ahal izango zaie.

 

Ondorioak argiak dira:

 

  • EAEn eta Nafarroan daukagun gizarte prestazioen sistema ez da nahikoa. BGDS okerragoa izateak ez du hura hobea egiten:

    • Azken urteetan pobrezia maila areagotu egin da. EAEko Pobrezia eta Gizarte-Ezberdintasunei buruzko Inkestak (PGEI) adierazten du 2018an 130.000tik gora biztanle zegoela pobrezia larrian, 2008 baino %46 gehiago.

    • Pobrezian jausteko arriskuan dauden pertsonen %66,4ak ez du prestazio sistemaren aldetik arreta egokirik jasotzen. Pobrezian dagoen 3 pertsonetatik bakarra ateratzen da egoera horretatik gizarte prestazioen sistemari esker.

     

  • Covid-19aren krisiak gabeziak larriagotzen ditu eta honek aldaketa are premia handiagoa bihurtzen du, baina ez espainiar gobernuak nahi duen moduko aldaketa. Horregatik, urgentea eta beharrezkoa da:

    • Lanik gabe dauden guztien banako eskubidetzat joko den DSBE edo EB ezartzea. Kasu hauetarako errenta bermatuaren zenbatekoa LGS adinakoa izan behar da.

    • Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren kontra bultzatu zuen HLEan jasotako puntuak aintzat hartzea (DSBEaren zenbatekoari dagokionez, bakarrik bizi direnentzat LGSaren %100; %50 gehiago beste pertsona bakoitzeko, gehienez LGSaren bikoitzera iritsi arte).