Bizkaiko Aldundiak enpresen etekinen gaineko zerga jaitsiko du, egin behar denaren kontrakoa

2020/06/16
Aurreko astean Bizkaiko Batzar Nagusietan zergei buruz neurri batzuk hartu zituen. Garrantzitsuena Sozietateen Zergaren jaitsiera izan zen; 2019ko irabaziengatik gutxiago ordaindu behar dute enpresek. Erabakia bidegabea, elkartasunaren aurkakoa eta uneotan egin behar denaren kontrakoa da.

 

Honelako erabakiek ondorioak izango dituzte, murrizketa sozialak. Konfinamendu egoera betean, Bizkaiko Aldundiak funts kudeatzaile aberatsentzako zergak ere jaitsi zituen, eta orain barkatu nahi die enpresei iazko etekinengatik ordaindu beharrekoa. Patronalak berak ez du eskatu halako oparirik, eta logika jakin baten ondorioz dator, Bizkaia errenta altu, enpresa eta kapitalentzat low cost lurraldea bihurtzeko asmoaren ondorioz.

 

ELAren ustez onartutakoak Bizkaiko agintarien hipokrisiaren adibidea da. Esaten dute hau ez dela zerga erreformetarako unea, baina presaka jaitsi dituzte enpresen etekinen gaineko zergak. Beste batean harmonizazio fiskala oso garrantzitsua omen da, baina ziztu batean mozten dituzte enpresa eta kapitalen zergak. Premiazkoa da itunpeko zergen inguruko gaiak Eusko Legebiltzarrean erabakitzea, eta ez gardentasun eta parte hartze sozialerako mekanismorik ez duten Aldundietan.

 

Diru sarrerak gehitzeko zerga erreformarik egiten ez bada aurtengo diru bilketan aurreikusi den jaitsierak -3.000 bat milioi EAE mailan- murrizketa latzak ekarriko ditu. Murrizketak berehala etor daitezke, edota beranduago, euskal erakundeak zorpetuz gero. 2008ko krisiaren ostean ere defizita puztu egin zen diru bilketa urritu zelako, eta sortu zen zorra hainbat murrizketa pairatuz ordaindu genuen, osasungintzan, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan eta -prestazioetan. Horregatik, agerikoa da iazko etekinengatik enpresek ordaindu beharreko zergak jaistea krisi honi irtenbide justu bat emateko behar denaren kontrakoa dela.