LANGABEZIA

Datuek hobera egin dute, baina egiturazko arazoek bere horretan diraute

Datuek hobera egin dute, baina egiturazko arazoek bere horretan diraute
Biztanleria Aktiboaren Inkestaren bigarren hiruhilekoko datuek erakusten dute enpleguak hobera egin duela, urte sasoi honetan ohikoa den joerarekin bat. Hala ere, generoari, behin-behinekotasunari eta gazteen enpleguari lotutako egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute.

Urteko bigarren hiruhilekoan, okupatutako pertsonen kopurua 12.900 handitu da aurreko hiruhilekoaren aldean. Hazkunderik handiena, proportzioan, Nafarroan izan da (+%1,64), 5.100 langile gehiagorekin. EAEn, berriz, 7.800 pertsona gehiago daude lanean, baina igoera txikiagoa izan da ehunekotan (+%0,78). Enplegu sorrera, batez ere, emakumeen artean gertatu da: 11.900 emakume gehiago ari dira lanean, eta gizonen artean, aldiz, 900 gehiago.

Urte arteko datuei erreparatuta, enplegua 10.000 pertsonatan hazi da. Bilakaera positibo horren atzean, ordea, emakumeen egoeraren okertzea dago: 7.600 enplegu galdu dira haien artean, eta gizonen artean, berriz, 17.500 enplegu sortu dira. Horrenbestez, genero arrakala handitu egin da.

Lanaldi partzialeko enpleguak behera egin du aurreko hiruhilekoen aldean, eta tasa %13,4ra jaitsi da, aurreko hiruhilekoan baino zortzi hamarren gutxiago. Jaitsiera hori kontratazioaren hobekuntzari lotuta dago, lanaldi osoko kontratuak ugaritu eta lanaldi partzialekoak gutxitu direlako. Dena den, lanaldi partzialak oso modu desorekatuan eragiten die emakumeei eta gizonei: emakumeen %20,9k egiten du lan lanaldi partzialean; gizonen artean, berriz, %6,5ek.

Behin-behinekotasunak ere zertxobait egin du behera, baina tasa handia izaten jarraitzen du, %17,7koa baita. Gainera, azken hiruhilekoan handitu egin da emakumeen eta gizonen arteko aldea, gizonen artean tasa %13,8koa da eta emakumeen artean %21,5ekoa. Horrek erakusten du prekaritatea handiagoa dela emakumeen artean.

Langabeziak beherakada nabarmena izan du, urteko lehen hiruhilekoan izandako gorakadaren ondoren. Langabezia tasa %7,3koa da gaur egun; hau da, 1,1 puntu egin du behera, eta duela urtebeteko mailara itzuli da. Emakumeen langabezia tasa %6,9koa da, eta gizonezkoena %7,7koa. Daturik kezkagarriena, ordea, gazteen langabeziak utzi du berriro, okerrera egin duelako eta %23ra iritsi delako.

Azken batean, datuek aurreko hiruhilekoaren aldean bilakaera ona erakusten dute, enplegua handitu egin da, eta langabeziak behera egin du urte hasierako okertzearen ondoren. Hala ere, hobekuntza horrek ez ditu estali behar oraindik ere indarrean diren egiturazko arazoak: prekaritate handia, emakumeen eta gizonen arteko arrakala eta gazteen langabeziaren okertzea.