Desenplegua 4.612 pertsonatan igo da urteko lehen hiru hilabeteetan

Martxoko desenpleguaren datuek berriro ere datu negatiboak utzi dituzte. Azken hilabetean berriz ere enplegua suntsitu da HEHn, eta enplegu gabeziaren igoera 1.975 pertsonatan kokatu da otsailarekin alderatuta, hau da, %1,32ko igoera eman da. Lurraldeka, EAEn 1.270 enplegu gabe gehiago daude, eta Nafarroan 705. Gainera, hirugarren hilabetez jarraian igo da enplegu gabeko kopurua; zehazki, aurten 4.612 pertsona gehitu dira langabeziara eta jadanik 151.483 dira. Horrela, desenplegu-tasa %11,1eraino igo da, beste behin ere, Europako eta inguruko herrialdeetako batez bestekoaren oso gainetik.
Azken egunetan asko hitz egiten ari da kontratazioaren hobekuntzari buruz, egia da kontratuen behin-behinekotasun-tasa zertxobait hobetu dela aurreko hilabeteetako kopuruen aldean; hala ere, behin-behinekotasunaren ehunekoa handia jarraitzen izaten du. Espainiako lan ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %80 aldi baterakoak izan dira. Kontratazio mugagabearen barruan, estatuan (ez baitago autonomia-erkidegoen arabera banakatuta), nabarmen igo da aldizkako kontratu finkoen erabilera; zehazki, kontratu mota hori %572 igo da iazko hil beraren aldean. Gogora dezagun aldizkako finkoen hobekuntzak hutsalak direla eta estatistikak makillatzera datozela.
Adierazi beharreko beste kontu bat da Espainiako lan-ministerioak emandako zifrek egiaztatzen dutela desenpleguan inskribatutako pertsonen erdiek baino gehiagok ( %55,3) ez zutela inolako prestaziorik jaso otsailean.