Langabeziak nabarmen egin du gora emakumeen artean

Abenduan langabeziak pixka bat behera egin ondoren, eta Gabonetako kanpainen amaierarekin, langabeziak gora du berriro urtarrilean, zerbitzuen sektoreko emakumeen eta gazteen kontura. Langabeziaren igoera ia osoa emakumeen artean izan zen (2.495tik, 2.462, emakumeak izan ziren). Hala, emakume langabeen ehunekoa %58,2ra igo zen, eta gizonena, berriz, %41,7ra murriztu. Gazteen langabeziari buruzko datuak ere negatiboak dira. Azken hilabetean 556 pertsona gehiago izan ziren enplegu gabe, hau da, kopuru erlatiboetan %5eko igoera gertatu zen. Gainera, 2019an baino gazte langabe gehiago daude oraindik.
Lurraldeka, langabeziak gora egin du Nafarroan eta EAEn; Nafarroan, langabeen kopurua %1,2 igo da (388 pertsona); EAEn, berriz, %1,9 igo da, hau da, 2.107 langabe gehiago. Beraz, langabezia-tasak gora egin du berriro, eta %10,6an kokatu da, Europar Batasunean baino lau puntu eta erdi gorago, abenduan %6,1ean kokatu baitzen.
Kontratazioaren datuei dagokienez, Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, sinatutako kontratuen %74 aldi baterakoak izan ziren HEHn, hau da, urtarrilean sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan ziren. Ildo horretan, adierazi beharreko beste kontu bat da EAEn kontratuen %14 soilik izan zirela lanaldi osoko mugagabeak.
ELAk salatu du urtarrileko datuek prekaritatearen errealitate gordina erakusten dutela berriro. Kontratazio mugagabeak gora egin duen arren, errealitatea da behin Gabonetako kanpaina igarota, urtaroko enpleguak suntsitu egiten direla berriro, eta, ondorioz, langabeziak gora egiten duela berriro, batez ere emakumeen eta zerbitzuen sektoreko gazteen artean. Gainera, gogorarazi du ziurgabetasun egoeran gaudela, aurreikuspen negatiboak baititugu datozen hilabeteetarako, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango du enpleguan. Gauzak horrela, ELAk mobilizazioen alde egingo du.