EKONOMIA AURREIKUSPENAK

Dezelerazioa eta langileen pobretzea, enpresek inoiz baino etekin handiagoak jaso badituzte ere

2023/03/13
ELAk adierazi duenez, 2022an mundu osoan izan den dezelerazioaren ondoren, 2023an ekonomian geldialdia gertatuko da da eta inflazioak altua izaten jarraituko du. Hori guztia, sindikatuak azpimarratu duenez, enpresa handiek inoiz baino etekin handienak irabazi badituzte ere. Bitartean, gogorarazi du sindikatuak, langile askok soldatak izoztuta dituzte eta KPIa inoiz baino altuagoa da, erosahalmenaren kaltetan. Hori da sindikatuak argitaratu berri duen azken dosierraren ondorio nagusietako bat. `Globalizazio liberala eta irekia hil da´ du izena txostenak eta hainbat analisi jasotzen ditu.

Irakurri txostena

Lehenik eta behin, esparru geopolitikoa aztertu du sindikatuak, mundu mailan gertatzen denak gurean nola eragiten duen ulertzeko. “Kapitalismoa, ezagutu dugun bezala, aldatzen ari da, gero eta dinamika protekzionistagoak aplikatzen direlako. Gainera, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak munduko zatiketa eta polarizazioa azkartu dute. Egoera horretan, AEBen eta Txinaren arteko borroka, gerra teknologikoa, bizkortzen ari da, eta, aldi berean, EB galtzaile nagusi bihurtzen ari da”, dio txostenak.

Bigarrenik, eta 2022ko adierazle makroekonomikoak kontuan hartuta, dezelerazio argia ikusten da munduko ekonomian, Europan eta Hego EHn. Gainera, eta erakundeek 2023rako dituzten aurreikuspenen arabera, ELAk ziurtatu du geldialdia gertatuko dela eta inflazioak altu jarraituko duela.

Hirugarrenik, sindikatuak 2022ko enpleguari buruzko datuak berrikusi ditu. Ondorioa argia da: emakumeen artean enpleguaren beherakada handia gertatu zen, baita langabeziaren igoera ere. “Europarekin alderatuz gero, oso atzetik jarraitzen dugu, eta langabeziaren egiturazko arazoa islatzen da”, dio.

Laugarrenik, sindikatuak aztertu ditu 2022an gertatu den pobretze prozesua, soldaten geldialdia, KPIaren gorakada, aurrezkiaren amaiera eta, azkenik, Euriborraren igoeran eragin duen tasen igoeraren zergatia.

Azkenik, enpresen mozkinen gaineko analisia egin du ELAk, enpresen kontabilitate emaitzak aztertu eta gero. Datuek berretsi dute enpresa marjinak handitu egin direla eta inoiz baino etekin handienak izan dituztela, beti ere, nabarmendu du, “langile klasea pobretzearen kontura”.