Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko proiektua da gizartearen kontrako benetako erasoa

2019/06/24
Janire Landaluze ELAko Azterketa Bulegoko kideak esan duenez, “EAJk eta PSEk erabaki dute Eusko Legebiltzarrera berriro eramango dutela Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) murrizteko egitasmoa, zeinak gainera gizarte-prestazioak jasotzen dituzten pertsonak kriminalizatzeko mekanismo berriak ezarriko dituen”.

Landaluzek gogoratu du aipatutako bi indar politikoek erreforma proiektua plazaratu zutela Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Legebiltzarrean pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren kontrako Herritar Legegintza Ekimena (HLE) aurkeztu zutenean. “Bi alderdien xedea zen eztabaidaren abiapuntua ez izatea gizarte-prestazioen eta etxebizitza izteko eskubidearen hobekuntza -hau izanik HLEaren asmoa-, baizik eta murrizketa berriak ezartzea”.

ELAko arduradunak salatu duenez, horretarako “Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, baita PPk ere, lasai asko bota zituzten zakarretara HLEari babesa eman zioten 51.000 sinadurak, eta ekimena tramitera ere ez zuten onartu”.

Hain zuzen gaur jakinarazi da PPk babesa emango diola EAJren eta PSEren murrizketa proiektuari. Landaluzek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen arren oposizioak frontea osatu zuela gobernuaren aurrekontu-politikaren aurka, jendartearen aurkako benetako erasoa “eskubide sozialak murriztean datza, eta hori dakar ostegunean tramitera onartuko den proiektuak: gizarte-prestazioen murrizketak areagotzea eta mekanismo berriak prestazioak jasotzen dituztenei zigortu beharreko gaizkile gisako tratua emateko”.