EAE, Europar Batasuneko lan-produktibitate handiena duten herrialdeen artean
Eustatek emandako estatistika-datuek – Eurostat izan dute iturri – erakusten dute EAEko langile bakoitzeko lan-produktibitatea 122,5 puntukoa izan zela EBko batez bestekoaren aldean (horri 100 puntuko balioa ematen zaio). Kopuru horrek EAE laugarren lekuan kokatu zuen Europako Batasuneko sailkapenean, Belgika eta Austriaren artean kokatuz. Langile bakoitzeko produktibitate handiena Irlandak izan zuen, Luxenburgoren atzetik. Produktibitate txikienak, aldiz, Hungaria, Errumania eta Bulgariakoak izan ziren.
EAE, beraz, Europar Batasunaren goiko aldean finkatu zen; izan ere, atzeraldi ekonomikoak eta hazkunde-aldiak ez zuten murriztu enplegatutako pertsonako produktibitatea. Gainera, 2011z geroztik, Irlandaz gain (alde handiaz produktibitatea gehien igo zuen herrialdea 143,6tik 195era), EAEk izan zuen hazkunderik handiena, Europako batez bestekoa baino handiagoa zutenen artean.
Faktore ugarik egiten dute EAE paradisua enpresentzat. Fiskalitatea eta lan erreformak ezinbesteko elementuak dira horretarako. Produktibitate handia eta ekoizpen kostu txikiak ere beharrezkoak dira (Europar Batasuneko herrialde industrializatuenak baino soldata txikiagoak barne). Faktore horiek guztiak EAEn gertatzen dira. Horrela, EAEko enpresek beste leku batzuetan baino mozkin handiagoa lortzen dute. Mozkin hori, ordea, ez zaio langile klaseari helarazten. Adierazle argia da lan errentak pisua galtzen ari direla ekonomia osoan. Beraz, argi dago oraindik ere langile klasearen baldintzak hobetzeko tarte handia dagoela.
Lanaren produktibitatea langile eta herrialdeen arabera (EU 28=100). 2018