EAJ, PSE eta PPk atzera bota dute pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimena

2019/02/07
Euskal Herriko Karta Soziala osatzen duten sindikatu eta eragileek -ELA tarteko- gogor gaitzetsi dute EAJk, PSEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakia; izan ere, 51.000 lagunek babestu duten HELaren (Herri Ekimen Legegilea) inguruko eztabaida irekitzea ukatu dute. Dena den, Kartako kideek ohartarazi dute borroka ez dela amaitu eta mobilizazio berriak iragarri dituzte. Lehena, otsailaren 13an. Egun horretan, giza kate batek EAJ, PSE eta PPko egoitzak lotuko ditu Bilbon alderdi hauen jarrera salatzeko.

Janire Landaluzek hartu du hitza osoko bilkuran Euskal Herriko Karta Sozialaren izenean. Bere esanetan gizarteak erreklamatzen duena ez da HELaren eztabaida ukatzea; hau demokraziaren aukako erabaki bat da. “Jakin badakigu ere, edo antzeman dezakegu noski, ezagutzen garelako, zein izango den gaurko erabakia, baina jakin badakigu ere horrelako jokaeren izaera antidemokratikoa salatzen jarraituko dugula, jarrera murriztaileen aurka borrokatzen jarraituko dugula eta gaur, zorionez, kalea gurekin dugula. Aldarrikapen hau ez da gaur hemen hilko, gure jendeari zor diogulako”.

Landaluzek gogoratu du 2008ko legetik gaur arte beharrizanak handitu direla. Hala ere, sistemak urtero murrizketak jasan ditu, pertsona asko sistematik at utziz. Jasotzaile kopurua 2008 eta 2016 bitartean %62 hazi da, jasotzaileen %45a emakumezkoak dira, %20a, langile pobreak, eta %25, pentsiodunak. Argazki garbia.

Azken urteetan DSBEaren zenbatekoak murrizketa handiak izan ditu (2008ko legeak ezarritakoa baino %28 gutxiago ordaintzen da aurten), eta hau jasotzeko bete beharreko baldintzak gogortu eta zorrozteko apostua egin du Eusko Jaurlaritzak. Mahai gainean EAJak eta PSEek apirilean aurkeztu zuten lege proposamenak ere helburu berdinak ditu; gutxieneko estaldura eskaini eta sistema deseraikitzeko bidea, alegia.

Era honetan, abenduan Jaurlaritzak HELari aurkako iritzia eman ziola azpimarratu du . Batetik, egoera sozioekonomikoari erreparatzen ez geniola, bestetik bazegoela gaiaren gaineko lege proposamen bat eta gainera, etxebizitza gaian beste lege aldaketa bati dagokiola erreforma esanez. “Ez da borondaterik egon bien eztabaida bateratzeko, eta denborak bien tramitazioan nork kontrolatu dituen jakinda, ez dugu berdintasun egoeran jokatu”.