EAJk eta EH Bilduk Europako funtsen dekretuari emandako babesak argi berdea ematen dio eskubide sozial eta laboralen murrizketari

2021/01/29
ELA ez dator bat EAJk eta EH Bilduk Europako funtsak jasotzeko emandako babesarekin, are geihago jarrera hori ezkerretik datorrenean, adibidez EH Bilduren (gure herrialdean) eta Podemos (Estatu osoan) kasuan.


ELAk askotan ohartarazi du Europatik datozen Next Generation funtsak argi eta garbi baldintzatuta daudela eta tranpa izan daitezkeela eskatzen dituzten herrialdeentzat. Estatuek finantzaketa hori lortzeko aurkezten dituzten planekin batera, Europako Batzordeak emandako gomendioen araberako erreformak aurkeztu beharko dituzte. Espainiako Estatuaren kasuan, pentsio-sistemaren iraunkortasuna, lan-merkatuaren malgutasuna edo defizitaren eta zor publikoaren murrizketak eskatzen dira.

COVID-19ak eragindako krisiak agerian utzi du gure osasun-, ekonomia- eta gizarte-babeseko sistemaren zaurgarritasuna, eta erakutsi du zein sektore diren benetan funtsezkoak bizitzari eusteko. Hala ere, Europako funtsek eta horiek arautzen dituen 36/2020 Errege Lege Dekretuak enpresa handiek sustatutako proiektu pribatuak diru publikoarekin finantzatzea ekarriko du, bizi dugun egoera honetara eraman gaituen ereduan sakonduz.

Hori dela eta, ELAk deitoratu egin du EAJk eta EH Bilduk dekretu horri emandako babesa, are gehiago Espainiako Gobernuak pentsio arloan Bruselara bidaliko dituen erreformak zehazteke daudenean: pentsioa kalkulatzeko urteak 25etik 35era luzatzea edo erretiro-adina atzeratzea planteatzen da (erretiro aurreratua zigortuz edo erretiro atzeratua sustatuz). Lan-arloan, merkatua malgutu nahi da, eta 2012ko erreforma indargabetzea errefusatzen da.

ELAren kezka handiagoa da dekretua ezkerreko alderdiek babesten dutenean. EH Bilduren babesa lortzeko Sanchezen gobernuak hartutako konpromisoak eztabaidagarriak dira. Orain arte, erresilientzia-planen diseinuak ez du inolako gardentasunik izan, administrazio publikoen eta patronalaren artean ezarri da "kogobernantza" bakarra. Udalen finantzaketari dagokionez, gogoratu behar da espainiako estatua izango dela Europako funtsak bideratzeko arduraduna, eta, beraz, udalen baliabideen igoera Madrilen erabakiaren mende egongo dela soil-soilik.

ELAk beti esan du uko egin behar zaiola Europako funtsak jasotzeari, baldin eta langileriaren eskubideak murrizteko badira, eta, oraingoz, ezerk ez du aurreikusten kontrakoa gertatuko denik. Horregatik, ELAk ez du ulertzen ezkerrak langileen bizi-baldintzak higatuko dituen esparru bat onartzea.