ONDASUN HANDIAK

EAJk eta PSEk berriz ere Kontzertu Ekonomikoa baliatu dute ondasun handiei mesede egiteko

2023/11/14
2022an ondasun handien zerga ez zen ordaindu Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 2023an soilik 65 zergadunek ordainduko dute (urtean 2,5 milioi biltzeko). Mikel Noval ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak salatu du EAJk eta PSEk Ondasun Handien inguruan hitzartutako proposamenarekin aberatsenei barkatu egingo zaiela zerga hori.

Novalek gogoratu du zerga hori, zeina iaz ezarri baitzen Espainian bi urterako (2022 eta 2023), EAEn lehenengo urtean barkatu zela. “2022an zerga horri buruzko hitzarmena egin zen, baina Nafarroan ez bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zen arautu; ondorioz, inork ez zuen euro bat ere ordaindu”. Beraz, EAE izan zen espainiar estatuko autonomia erkidego bakarra zerga hori ez zena ordaindu. “Agerikoa da Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, EAJk eta PSEk mesede egin nahi izan zietela aberatsei”, adierazi du Novalek.

Orain, berriz, urtea bukatzeko bi hilabete eskas geratzen direnean, EAEko hiru lurraldeetan aurkeztutako proposamena aberatsenen neurrira egina dago. Estatuan ezarritako zerga aplikatuz gero, 10 milioitik gorako ondasuna duten guztiek zerbait gehiago ordaindu beharko lukete. Baina, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek plazaratu duten proposamenak salbuetsi egiten ditu multzo horretako gehienak.

ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak adierazi duenez, “ogasunek zerga horri buruzko Memoria Ekonomikoan emandako datuek agerian uzten dute benetako borondatea dela aberatsei amnistia ematea. Lotsagarria da EAE guztian zerga hori soilik 65 lagunek ordaindu behar izatea; urtean hiru lurraldeetan guztira 2,5 milioi euro biltzea espero dute”.

Novalek salatu du “oraingoan ere Kontsertu Ekonomikoa baliatu” dutela “diru gehien dutenei tratu hobea emateko”. Hori ikusirik, ELAk eskari bat egin du: “Kontzertu Ekonomikoa eta Konbenio Ekonomikoa baliatu behar dira hain zuzen kontrakoa egiteko: errenta handiei, ondasunei, kapitalari eta enpresen etekinei zerga askoz ere handiagoak ezarri behar zaizkie, eta zerga ruzurra jazarri, hori batez ere soldatapekoak ez diren errentetan kokatzen baita. Zoritxarrez, ez dugu horretarako borondate politikorik sumatzen”.