EAJrekin batera europar funtsak Madrilen kudeatzeko EH Bilduk egin duen proposamena erabat zentzugabea da

2021/03/10
EH BILDUk ahaztu egiten du funtsak baldintzatuta daudela: pentsioetan murrizketa gehiago ezarri behar dira, lan erreformak ez ukitu eta datozen urteetan austeritatean oinarritutako aurrekontu-politikak ezarri. Halaber, ELAk deitoratzen du EH Bilduk alde batera utzi izana funtsak multinazional handiei dirua emateko direla, eta haien xedea ez dela enplegu-politika, gizarte-prestazioak hobetzea, ez eta zerbitzu publikoak garatzea ere.

EH Bilduk gaur goizean EAJri egin dion proposamena, bi indarren talde parlamentarioek batera jo dezaten Madrilera Europar Funtsek finantziatu beharreko proiektuen alde egiteko, ezin da ontzat eman eta ez da koherentea ezkerreko programa batekin. Proposamen honek soilik nahasmena sortzen du funts horien azken xedearen inguruan.

Funtsen behin betiko arautegia joan den otsailaren 18an argitaratu zen. Bada, 10. artikuluan esaten da funtsak datozen urteetako gobernuen politiketan esku hartzeko mekanismo bat direla:

  • Funtsak jasotzeko aurrez murrizketak egin behar dira. Nabarmena da espainiar Gobernua, funtsak jaso ahal izateko, Bruselarekin negoziatzen ari dela hainbat erreforma, esaterako pentsioena (etorkizuneko zahar-sari urriagoak eta aurretiazko erretiro okerragoa, beste zenbait neurri erregresiboren artean).
  • Aipatutako artikuluak dio Europak etengabe aztertuko duela emandako hitza betetzen ote den, eta murrizketa gehiago ezartzen diren. Espainiar gobernuko arduradunek gaia aipatu duten aldioro argi esan dute funtsak baldintzatuta etorriko direla.

ELA bat dator EH Bilduren dokumentuan esaten den zerbaitekin: baldintzek ez lukete murrizketarik derrigortu beharko. Baina ELAren iritziz ez da inola ere koherentea hori esanda funtsak ontzat eman eta zertan erabiliko diren eztabaidatzen saiatzea.

Finantziatu beharreko proiektuak ere hasieratik markatuta daude. Batik bat izango dira multinazional handien proiektuak, dagoeneko martxan direnak. Espainiar estatutan patronalek eta enpresa handiek idatzi dute, bere horretan, Sanchezen gobernuak argitaratutako Errege-Lege Dekretua (zeina EH Bilduren aldeko botoari esker berretsi zen). Errege-Lege Dekretuak honakoa xedatzen du:

  • Administrazio- eta ingurumen-kontrolak kentzen ditu, funtsak banatzeko prozesua arintzeko aitzakiarekin.
  • Finantziatu beharreko lehentasunak argi ezartzen ditu.
  • Espainiar gobernuaren esku uzten du Bruselari proposatuko zaizkion proiektuen zerrenda; Europar Batasunak izango du azken hitza.

ELAren ustez, ez zegoen zalantzarik funts gehienak nora joango ziren. Are gutxiago orain. Sindikatuaren aburuz, EH Bilduk lagundu egiten du iritzi publikoan funtsen inguruko iritzi positiboa hedatzen, berez tranpa bat besterik ez diren arren. Baldintza horiek ez baleude bezala hitz egitea ez da lañoa izatea, baizik eta alde batera uztea eskubide sozialen defentsa, funtsen orientazioa enpresa handien eta multinazionalen aldekoa delarik. 

ELAk ezinbesteko jotzen du eskubide sozialen aitortzan aurrera egitea, batez besteko europarrarekiko dagoen atzerapena gainditzea osasunean, hezkuntzan eta zaintza sistemetan, eta euskal eredu produktiboaren erabateko aldaketa, trantsizio ekologiko eta soziala gauzatze aldera. Horrek eskatzen du erakundeak izatea aldaketaren aitzindari eta aurrekontu sendoak erabakitzea, zerga-erreforma justu eta nahikoa eginez. Europar funtsak ez dira inola ere norabide horretara hurbilduko gaituzten tresna; aitzitik, egungo eredu kapitalistaren ildo estrategikoak finkatzeko bidea dira. Funts horiek baldintzatuta dauden artean eta orientazio hori duteno aukera koherente bakarra haiek ukatzea da.