ELAren iritziz gutxieneko soldataren 2018rako igoera ez da inolaz ere nahikoa

2017/12/20
ELAren iritziz, 2018rako iragarri den lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS) %4ko igoera ez dela inolaz ere nahikoa. LGS inflazioa baino gehiago hazi bada ere, (gogoratu azken hau %1,6an dagoela), abiapuntua hain baxua izanik igoera oso urria da (hileko 23 euro 12 pagatan). Sindikatuak esan du igoera horrekin espainiar estatuan ordaintzen den gutxieneko soldatak oso urrun jarraituko duela Europar Batasuneko herrialde aurreratuenetatik.

Eurostat, EBren estatistika bulegoak, LGSari dagokionez hiru multzotan sailkatzen ditu estatuak: 500 eurotik beherako gutxieneko soldata dutenak (Europa ekialdekoak), 500 eta 1.000 euro bitartekoak (Portugal, Grezia, Malta, Eslovenia eta espainiar Estatua), eta 1.400dik gora euroko gutxieneko soldata dutenak (Britainia Handia, Irlanda, Frantzia, Alemania, etab.). Beraz, iragarri den igoerak gauzak bere horretan utziko ditu.

Azkenik, ELAk faltsukeria bat salatu nahi du: elkarrizketa soziala benetakoa dela esaten dute, baina espainiar gobernuak esan zuen LGSren igoera erabakita zeukala 2018rako, patronalarekin eta sindikatuekin akordioa iritsi edo ez; hauek gobernuaren asmoa ontzat eman dute, besterik ez. Beraz, ez da hori benetako elkarrizketa soziala izan beharko litzatekeena.