OMAL BIRA

ELA, Omalek antolatutako Ertameriketako biran izan da

2025/07/29
ELA sindikatuko Azterketa Bulegoko kide batek Omalek urtero Ertameriketara antolatzen duen Euskal eragileen Biran parte hartu du beste hainbat Euskal Herriko eragileekin batera.

Espedizioak, Euskal Herriko gizarte zibil antolatuari kapitalismo berde-olibaren eta digitalaren inpaktuak ezagutzera ematea du helburu. Zehazki, birak azpimarratu du nola jarduera esktraktiboak eta megaproiektuak Erdialdeko Amerikako iparraldean (Guatemala, Honduras eta El Salvador) hedatu diren, batez ere meatzaritza metalikoan, trantsizio ofizialaren ardatz nagusietako bat bilakatuta.

Biran zehar, meatzaritzaren aurkako erresistentzietako kideekin, ekintzaile ekologistekin, ordezkari politikoekin eta gizarte zibileko eragileekin elkartzeko aukera izan genuen . Topaketak Asunción Mitanen, Río Dulcen eta El Estorren (Guatemala); El Progreson, Tocoan eta El Bajo Aguán-en (Honduras); eta baita ere Tegucigalpan, Hondurasko hiriburuan egin genituen. Horrela gertutik ezagutu ditugu lurraren eta bizitzaren defentsan antolatutako erresistentzia esperientziak, baita lan eskubideen eta eskubide sozial zein politikoen aldeko borrokak ere, testuinguru oso gogor eta arriskutsuan, non komunitateetako kideek mehatxuei, errepresioari eta zigorgabeko hilketei egunero aurre egin behar dieten.