ELAk aldundiei eskatzen die energia enpresen gaineko irabazien gaineko zergak handitzeko

Adostutako neurrien artean honako hauek daude: zergen ordainketan interesik gabeko geroratzea, jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsonen PFEZko ordainketa zatikatuak salbuestea, autonomoentzako eta mikroenpresentzako energia-gastuak konpentsatzeko forfait kopurua handitzea eta nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari zuzeneko diru-laguntzak ematea. Kalkuluen arabera, neurri horien eragin ekonomikoa 165 milioi euro ingurukoa izango da, 120 milioi euro zergen ordainketa atzeratzeagatik eta 40 milioi euro zergak murrizteagatik.
Neurri horiek Ukrainako gerraren krisiari aurre egiteko direla esan dute. Hala ere, arazo horietako asko gerra aurretik ere bazeuden. Gainera, aldundiek pandemian hartutako neurriekin gertatu zen bezala, enpresei bakarrik zuzenduta daude. Ez da neurririk planteatzen langile-klase osoarentzat, egoera horren ondorioak ere jasaten ari baita.
Ahaldun nagusiek esan dute beren eskumen nagusia erabiliko dutela, hots, fiskalitatea. Hala ere, Unai Rementeriak berak adierazi du ziurgabetasun garai honetan ez dela garaia egiturazko zerga-erreformari ekiteko. Gogoan izan behar da duela aste gutxi Iberdrola enpresak iragarri zuela iaz mozkinetan errekorra lortu zuela.
ELAk aldundiei exijitzen die enpresa handien mozkinen gaineko zergak handitzeko, batez ere energia enpresenak, abusuzko etekinak lortzen ari baitira egoera honekin guztiarekin. Foru-aldundiei eskatzen die hartutako neurriak gastu publikoaren igoeran oinarrituak izan daitezela, eta ez diru-bilketaren murrizketan oinarrituak.