ELAk alokairuen prezioa mugatzea exigitzen du, eta bat egin du "alokairuaren prezioa arautzeko legea" eskatzen duen adierazpenarekin

2020/11/11
Alokairuen prezioa arautzeko unea da, pertsona guztiek alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratu ahal izatea bermatzeko lehen urrats gisa

Alokairuko etxebizitzen merkatua negozio biribila bihurtu da finantza-kapital handiarentzat. Existitzen diren hainbat faktorek, horien artean, desarautzeak, behar sozialak, etxebizitza erosteko ezintasunak ahalbidetu dute. Merkatu-hobi erlatiboki berria da alokairuarena eta onura handiak ematen ari dizkiena korporazio handiei langile klaseari sortzen dion miseriaren kontura.


Azken urteotan, alokairuko etxebizitzen prezioek nabarmen egin dute gora. Zifrek hala baieztatzen dute. Prezioen dinamika ez da gizartearen beharretara egokitzen, eskaintzara eta eskarira baizik, eta, beraz, korporazio handi horien espekulaziora. Merkatu librearen ondorio zuzenetako bat da 10 etxegabetzetik 7 alokairua ez ordaintzeagatik izan direla.


Ildo horretan, eta administrazio eskudunen jardun eza ikusita, hainbat gizarte-erakunde antolatu dira eta alokairuko etxebizitzan jarri dute arreta. Maizterren sindikatuak erreferentzialtasuna hartu du arlo horretan, oso zeregin garrantzitsua bereganatuz. Bere lanari esker, besteak beste, Kataluniako Parlamentuak etxebizitzen alokairuen prezioa arautzeko legea onartu zuen irailean. Lege hori, sustatzaileen ustez lehen urratsa dena, hau da, gutxienekoak arautzea, honako neurri hauek zituen:

 

  • Alokairuaren prezioak erreferentzia-indizearen arabera ezarriko dira.
  • Kontratu berriei eta berritzen direnei eragingo die.
  • 000 biztanletik gorako udalerrietan eta merkatua tentsioan dagoenean aplikatuko da, hau da, prezioaren igoera jarraitua eta batez bestekoa baino nabarmen handiagoa denean.
  • Hiru urte baino gutxiagoko etxebizitzak muga horietatik kanpo geratuko dira.
  • 000 eurotik 9.000 eurora bitarteko zehapenak.

Kataluniako Legea, beraz, kontuan hartu behar da, Estatu mailan aplikatzeko oinarriak ezar baititzake. Horren harira, PSOEk eta Unidas Podemosek konpromisoa hartu zuten urriaren amaieran datozen lau hilabeteetan alokairuak estatu osoan arautzeko. Helburua alokairu igoerak saihestea eta prezio jaitsierak sustatzea omen da.


Hala ere, ez da polemikarik gabeko gaia, bi interes kontrajarri aurrez aurre baitaude. Kapitalarena eta langile-klasearena. Batetik, PSOE fidagaitz agertu da Kataluniakoa bezalako lege bat sinatzera, bestetik kapital handia defendatzen duten sektoreen oposizio irmoa dago. Kataluniako Parlamentuan onartzearen aurka agertu ziren eskuineko alderdi batzuek konstituzio-kontrakotasuneko helegitea prestatzen ari direla adierazi dute. Datozen hilabeteetan, beraz, ziurrenik, intoxikazio-gerra bat ikusiko dugu sektore horien aldetik, bere hedabideen bitartekoekin.

ELA langileen interesen defentsan kokatzen da, zentzu horretan, egiturazko neurri batzuk planteatu ditu etxebizitzaren arazoa errotik aldatzeko. Hala ere, Katalunian onartutako neurriak gutxienekoen erregulazio gisa ulertuta, lorpen bat direla uste dugu, eta jarraitu beharreko bidea erakusten digu. Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak aintzat hartu eta hemen ere onartu beharko lituzkete. Horregatik, ELAk bat egiten du Maizterren Sindikatuak bultzatutako manifestuarekin, "Alokairuaren Prezioa Arautzeko Lege baten alde".