Xenofobia
ELAk arbuiatu egiten ditu azken asteetan gertatu diren eraso xenofoboak

Azken asteetan gure lurraldean eta espainiar Estatuan zehar biztanleria migratzaile edo arrazializatuaren aurkako hainbat erasoren berri izan dugu. Gertakari bakoitza aztertu beharko litzateke (zergatiak, soziologia, etab.), baina guztien erroan osagai bera dago: migratzaileen kriminalizazioa eta estigmatizazioa areagotzen ari da. Baita gure herrian ere: azkenaldian kutsu arrazista duten pankartak ikusi izan ditugu Euskal Herriko hainbat lekutan. Antzekoak gertatzen dira Europar Batasunean, AEBetan eta Argentinan; biztanleria migratzailea petxero bihurtzen da jendea pobretzen duten politika antisozial eta austerizidak ezartzeko.
Euskal Herrian eskuin muturrak ia ez du ordezkaritzarik parlamentuetan, baina haren diskurtso eta ideiak jendartean hedatzen ari dira, baita gure ordezkari politikoen artean ere; Pradalesek esan zuenez, "quien la hace la paga”. Horrelako mezuek marko punitibista, eskuin muturreko ideologia finkatzen dute.
Istilu xenofoboak gertatzen ari diren bitartean, esaterako Hernanin, Eusko Jaurlaritzak "Basque Segurtasun Foroa" sortu du. ELAk iragarri zuen ez zela forora joango, eta kritikatu egin zuen haren helburua. Sindikatuaren iritziz bizikidetza arazoak konpontzeko lehenik gizarte-bazterkeria eta -desberdintasunak konpondu behar dira, erantzun polizialetatik haratago.
Klase-sindikatu den aldetik, ELAk argi dauka Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsonak, euren jatorria edozein dela ere, gure herriaren parte direla eta herri honetako langileria osatzen dutela. Gainera, kasu askotan pertsona migratzaileak dira sektorerik prekarioenetan lan egiten dutenak, aitortza sozial eskasa dutenak eta behar bezalako segurtasunik gabe. Sindikatuaren eginbeharra da jende honen segurtasuna eta eskubideak bermatzea.
ELAk ez ditu ezkutatu nahi Euskal Herrian gerta daitezkeen bizikidetza arazoak, baina ez du onartuko arazo horiek soilik arau-hauste edo delitu jakin batzuekin lotzea, ez eta kolektibo konkretuekin ere, horrek eskuin muturraren diskurtso xenofoboa hauspotzen baitu. Segurtasuna aipatuz gero arazo guztiak jarri beharko liratezke mahai gainean: lantokietako segurtasuna (2024an 42 behargin hil ziren lan-istripuz), edo emakumeek pairatzen dutena, gero eta eraso matxista gehiago ikusten baitugu.
Kasu honetan, bereziki etorkinen segurtasunaz hitz egin behar dugu, legea beren kabuz hartu nahi duten pertsona eta kolektiboen mehatxupean baitaude, indarrean dagoen zigor-legeria nahikoa izango ez balitz bezala. Eusko Jaurlaritza segurtasunaren, bizikidetzaren eta giza-eskubideen errespetuaren aldekoa bada ekintza bortitz arrazista horiek errefusatu behar ditu, baita guztion segurtasuna babesteko elementu guztiak aintzat hartu ere.
Horregatik, ELAk dei egiten die herritarrei, batik bat bere militanteei, datozen egunetan eraso eta diskurtso xenofoboak gaitzesteko izango diren mobilizazioetan parte har dezaten.