Etxebizitza legea

ELAk aukera galdutzat jo du Legebiltzarrean onartutako etxebizitza legea

2025/12/11
ELAk aukera galdutzat jo du Legebiltzarrean onartutako etxebizitza legea
EAJk eta PSEk EAEn onartu duten Etxebizitza Arloko Premiazko Neurrien Legeak interes pribatuak babesten ditu eta ez dio irtenbiderik emango etxebizitza eskuratzeko egungo krisiari

Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten EAJk eta PSEk gaur onartu dute Etxebizitzaren Arloko Premiazko Neurrien Legea. Lege hori aurrekaririk gabeko etxebizitza krisi batean iritsi da, etxebizitzen prezioek 2007ko burbuilakoak gainditu dituztenean. Etxebizitza gizartearentzat arazo nagusia bihurtu da: Foessa-ren txostenaren arabera, 120.000 etxe baino gehiago pobrezia larriaren langaren azpitik daude etxebizitza eta hornidurak ordaindu ondoren.

Egoeraren larritasuna hori izanik, EAJren eta PSEren legeak hamarkadetako higiezinen logika berari jarraitzen dio: etxebizitzen salerosketa bultzatzea eta etxebizitza libre gehiago eraikitzea, eraikuntza enpresek eta bankuek irabazi gehiago izan ditzaten. Horren adibide argia da etxebizitza babestu berrietarako betebeharra %75etik %60ra jaitsi izana. Horrek aukera ematen die enpresei etxebizitza libre gehiago eraikitzeko, askoz errentagarriagoa dena, etxebizitza babestuen kalterako.

Gainera, ez da legea baliatu espainiar Estatuaren araudia garatzeko eremu tentsionatuen inguruan, alokairu merkatuan esku hartu ahal izateko eta alokairuen prezio bidegabeak murrizteko. Ez dira, halaber, neurri eraginkorrak ezartzen gure hirietan etxebizitza turistikoen ugaritzeari aurre egiteko, zeintzuk etxebizitza parkea murrizten ari diren, negozioa helburu.

ELAk salatu du, era berean, Eusko Jaurlaritzaren lidergo falta etxebizitza arloan, eskumenen aitzakia gisa erabiliz ez duelako neurri eraginkorrik hartzen. Zentzu horretan, udalen esku uzten du zona tentsionatuen deklarazioa, etxebizitza hutsengatik kanonak ezartzea, etxebizitza turistikoen gaineko mugak edo babes-etxebizitza eraikitzeko lurzoru portzentajea %75etik %60ra jaistea. Ez dago Eusko Jaurlaritzak bultzatutako etxebizitza politika koordinaturik.

ELAk aldarrikatzen du egoera irauli ahal izateko beharrezkoa dela etxebizitzaren arazoa osotasunean jorratzea. Horretarako ezinbestekoa da: etxebizitzarako eskubide subjektiboa bermatzea behar duenari etxe bat emanez, eta prestazioen alternatibarekin amaitzea; eraikitzen diren babes ofizialeko etxebizitza guztiak alokairuzkoak izatea; etxebizitzara bideratutako gastu publikoa handitzea, BPGaren gutxienez %2 modu iraunkorrean esleituz; EAE osoa tentsio-eremua deklaratzea, salbuespenik gabe, eta gehienezko alokairu-indizea hemen erabakitzea; egun dauden 45.000 etxebizitza hutsak mobilizatzea eta alokairura bideratzea; etxebizitza eraikitzeko eredua publiko baterako pausuak ematea; eta etxebizitza turistikoak eta aldi baterako alokairuak mugatu eta kontrolatzea.