ELAk bat egin du Etxebizitza Eskubidea bermatuko duen legearen aldeko ekimenarekin

2021/03/30
PSOEren lege-proposamenak ez du alokairuaren prezioa mugatzen, baizik eta diru publikoarekin laguntzen die errentariei; gainera, etekin handiagoak ere eman diezaieke altxor publikoaren kontura

Alokairuko etxebizitzen merkatua negozio biribila bihurtu da finantza-kapital handiarentzat. Existitzen diren hainbat faktorek, horien artean, desarautzeak, behar sozialak, etxebizitza erosteko ezintasunak ahalbidetu dute. Merkatu-hobi erlatiboki berria da alokairuarena eta onura handiak ematen ari dizkiena korporazio handiei langile klaseari sortzen dion miseriaren kontura.

 

Azken urteotan, alokairuko etxebizitzen prezioek nabarmen egin dute gora. Zifrek hala baieztatzen dute. Prezioen dinamika ez da gizartearen beharretara egokitzen, eskaintzara eta eskarira baizik, eta, beraz, finantza-sektorearen, higiezin handien eta putre-funtsen espekulaziora. Merkatu librearen ondorio zuzenetako bat da 10 etxegabetzetik 7 alokairua ez ordaintzeagatik izan direla. Horri gehitu behar zaio gaur egun maizter askok beren diru-sarreren % 40 baino gehiago bideratzen dutela etxebizitza ordaintzera.


PSOEren lege proposamenak alokairuaren prezioa ez mugatzeaz gain, diru publikoa ematen die errentatzaileei, eta honela diru gehiago ere lor dezakete altxor publikoaren kontura. Higiezinen, finantzen eta jabe handien zerbitzura egiten den hau, zentzugabekeria galanta da.


Ildo horretan, eta Abalosen proposamen berriaren aurrean, hainbat gizarte-erakundek indarrak batu dituzte herritarrak mobilizatu eta estatu-kanpaina bat abiatzeko Etxebizitza Eskubidearen Legearen alde, minimoki, Espainiako Estatuko lurralde osoan zuzenean aplikatu beharreko 8 neurri hauek jaso ditzan lortzeko:

 

  1. Legeak etxebizitza duina, eskuragarria eta egokia izateko eskubidea bermatu behar du, eskubide subjektibo gisa, babes hori eraginkorra dela bermatuz eta inork etxegabetasun-egoerarik izan ez dezan saihestuz.

 

  1. Etxebizitza duin eta egokirik ez duten pertsona ahulen kaleratzeak gelditzea, bai eta edukitzaile handientzat alokairu sozial egonkorraren betebeharra ere; eta, gainerako kasuetan, birkokatze duin eta egokia botere publikoen kontura.

 

  1. Alokairu sozialeko parke publikoa ziurtatzea eta handitzea, gutxienez etxebizitza guztien % 20ra hogei urtean, bizitegi-larrialdiari lehentasunez aurre egitea.

 

  1. Estatuko alokairuen arauketa, lurraldeko eremu bakoitzeko biztanleen soldatei egokitutako prezioetan. Hiri-errentamenduen legea aldatzea, herrialde osoko maizterrei babesa eta egonkortasuna emateko.

 

  1. Uraren, argiaren, gasaren eta telekomunikazioetarako sarbidearen oinarrizko hornidurak bermatzea, eten digitala saihesteko.

 

  1. Hipoteka-zorrak dituzten etxekoen unitateentzat bigarren aukera eraginkorra bermatzea, eta gehiegizko zorpetzearen eta finantza- eta higiezin-abusuen aurkako neurriak garatzea.

 

  1. Etxebizitza sozialetarako eta etxebizitzako gizarte-politiketarako aurrekontua handitzea, Europako parke publikoaren batez bestekora iritsi arte, eta, gutxienez, estatuko aurrekontuaren % 2 bideratzea horretara.

 

  1. Herritarrek etxebizitza- eta hirigintza-politika osoan aktiboki parte hartzea.


ELA langileen interesen defentsan kokatzen da, zentzu horretan, urteak daramatza egiturazko neurri batzuk planteatzen etxebizitzaren arazoa errotik aldatzeko. Horregatik, ELAk bat egiten du manifestuarekin eta etxebizitza eskubidearen alde mobilizatzera deitzen du.