Lanbide arteko Gutxieneko Soldata

ELAk dio 1.795 euroko LGSa behar dela duintasunez bizi ahal izateko

2025/01/30
ELAk uste du Espainiako Lan Ministerioak eta CCOOk eta UGTk adostutako Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (1.184 euro) ez dela nahikoa Hego Euskal Herrian.

ELAk uste du ez dela nahikoa Espainiako Lan Ministerioak eta CCOOk eta UGTk adostutako Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 4,4ko igoera. Izan ere, sindikatuak azpimarratu du 1.184 euro ez direla nahikoak Hego Euskal Herriko errealitateari aurre egiteko eta 1.795 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu du.

ELAk irmo dio 1.184 eurorekin ezinezkoa dela Hego Euskal Herrian kalitatezko bizitza izatea. Hala dio, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko Inkestak. Azken txostenean (2022) zioen 1.356 euro baino gutxiago jasotzen zituen pertsona batek nekez izan zezakeela ongizatea. Kontuan izan behar dugu gutxieneko soldata jasotzen duten langile asko emakumeak, gazteak eta migratzaileak direla. Horrela, LGSa nabarmen igotzeak lagunduko luke genero arrakala, pobrezia eta prekaritatea murrizten.

ELAk LGS berri baten aldeko apustua egiten du, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duena. Sindikatuak urrian proposatutako kalkulu berriak 1.795 eurora igotzen du LGSren aldarrikapena 14 ordainsaritan. Ildo horretan, ELAk bi ekimen landuko ditu Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata lortu ahal izateko.

Alde batetik, lanbide arteko akordio bat, gutxieneko soldata propioa finkatuko duena, eta, bestetik, herri ekimen legegile bat, hemengo erakundeek gutxieneko soldata bat ezartzeko gaitasuna izan dezaten. Bide horiek osagarriak direla ulertuta, sindikatuak bi bideak lantzearen alde egingo du.