ELAk energia enpresei eta finantza erakundeei zergak zehaztea eta aplikatzea exijitu die EAEko eta Nafarroako instituzioei

2022/07/13
ELAk berretsi du beharrezkoa dela EAEn eta Nafarroan aplikatzea finantza-erakundeen eta energia enpresen gehiegizko mozkinen gaineko zerga espezifiko bat, beti ere, enpresen eta kapitalaren zergetatik diru-sarrerak nabarmen handituko dituen zerga-erreforma baten baitan. Erreforma hori mahai gainean jarri zue sindikatuak ekainean.

Orduan aurkeztutako txostenean, besteak beste, enpresa horien gehiegizko mozkinen gutxieneko %50eko errekargua aplikatzeko beharra planteatu zuen sindikatuak; hala ere, proposatutako neurri guztiak atzera bota zituzten EAEko ogasunek eta Nafarroako Gobernuak, argudiatuta ez zela une aproposa. “Ez dago, ordea, oraingoa baino une hoberik gehiegizko mozkinen gaineko zerga bat abian jartzeko, mozkinak handitzeko egoeraz baliatzen ari diren enpresak eta entitateak grabatuko dituena”, dio ELAk.

Halaber, garraioaren arloan eskumenak dituzten erakunde guztiek beste neurri batzuk aplikatzea eskatu du, horietako batzuk Pedro Sanchezek atzo, uztailak 12, iragarritakoak, hala nola garraio publikoaren doakotasuna. Neurri hori, herritarren poltsikoari laguntzeaz gain, garrantzitsua da ikuspegi ekologikotik ere, automobilaren erabilera murriztuko baitu.

ELAren iritziz, Sanchezek iragarritako neurriak itxuraz norabide onean doaz, baina oraindik ez dira nahikoak langile klasearen pobretze orokorrari aurre egiteko. “Gainera, neurri horiek nola gauzatuko diren zehazteko zain gaude, propaganda hutsa izan ez daitezen, askotan gertatu den bezala”, gehitu du.

ELAk Hego Euskal Herriko erakundeen gelditasuna salatu du, egungo inflazio-testuinguruaren ondorioei aurre egiteko ezer gutxi egin dutelako. Ez Nafarroako Gobernuak, ez Lakuakoak, ez dute Espainiako Gobernuak atzo adierazitakoaren antzekorik iragarri, Pedro Sanchezek erabakitzen duenaren atzetik joatera mugatu dira. Izan ere, Aitor Estebanek eskumenen inbasioaz hitz egin zuen neurriei buruz galdetu ziotenean. “Bere alderdiak gai fiskalean duen jarrera kontuan hartuta, ez du egoera baikorrik iragartzen neurri horiek EAEn aplikatzeko orduan”, kexu da.