ELAk enpresek beren irabaziengatik ordaintzen dituzten zergak eta Ondarearen gaineko Zerga handitzea eskatu du

2021/06/15
ELAk 'Zerga sistema iraultzeko unea da' kanpainaren barruan egindako ekitaldi berri batean, Mikel Noval sindikatuko Azterketa Bulegoko arduradunak erreforma fiskalaren premia berretsi du, murrizketak saihesteko eta aberastasunaren banaketa justuagoa sustatzeko. Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren aurrean egindako ekitaldian, langileak krisiaren ondorioak ordaintzen ari direla salatu du.

Krisiak sortutako desberdintasun eta premia sozialen aurrean, erreforma fiskala inoiz baino beharrezkoagoa dela ziurtatu du Novalek. "Justizia soziala ez ezik, krisiari irtenbide justua ematea ere bada helburua. Zor publikoa handitu egin da, eta erreforma horren bidez baliabide gehiago lortzen ez badira, murrizketa sozial, laboral eta demokratikoen olatu berria jasango dugu", deitoratu du.

Halaber, gogorarazi du enpresa handiek ia ez dutela zergarik ordaintzen, zehazki, 10 euroko irabazietatik euro bakarra; bitartean, langileek egiten dute ekarpen handiena. Izan ere, ogasunek jasotzen dituzten lau euroetatik hiru soldaten zuzeneko zergetatik datoz.

Ildo beretik hitz egin du sindikatuko Gasteizko arduradun Leire Gallegok. Hego Euskal Herriko erakundeek politika fiskaleko eskumenak enpresen mesedetan eta herritarren kaltetan erabili dituztela salatu du. "Kontzertu ekonomikoaren aurka joatea leporatu digute. Ez da egia, errenta altuei, enpresen etekinei eta kapitalari zergak eskandaluz jaistearen aurka gaude". Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du Sozietateen gaineko Zerga eta Ondarearen gaineko Zerga (azken hori, % 25) handitzea.

Bestalde, zerga sistema aldatzeko unea dela esan du Xabi Zabala Azterketa Bulegoko kideak. "Borondate politikoa behar da, besterik ez", azpimarratu du.

Azkenik, Mirari Ullibarri sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradunak esan du erreforma "elkartasun" eta "justizia" kontua ere badela, eta azpimarratu du igoera fiskalak desberdintasun sozialarekin amaitzeko balio behar duela.