ELAk etxebizitza kanpainarekin lotuta, ekintza bana egin zituen Iruñean eta Bilbon

2022/07/07
Bilbon antzerkia egin zuen 350 pertsonak kalean lo egiten dutela, 8.000 etxebizitza hutsik dauden arren eta Iruñean performance baten bidez 25.000 etxebizitza hutsik dauden bitartean 350 etxegabetze baino gehiago izaten direla urtero salatzeko.

 

ELAk etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko martxan jarritako kanpaina ikustarazteko kalean ekintza ezberdinak egin ditu. Bai politikak zein egungo legedia salatu dituzte, etxebizitza ez delako oinarrizko eta benetako eskubide gisa hartzen, baizik eta negozio gisa, espekulazioa bultzatzen. Bilboko antzerkietan egoera ezberdinak isladatu dira, Etxebiden etxebizitza bat lortzeko zailtasunen inguruan, alokairu turistikoen negozioaz, etab. Iruñeako perfomanceak kanpamentu bat irudikatu du, etxebizitza bat eskuratu ezin duten pertsonak ikusarazteko.

Pandemiaren ondoren, ELAk etxebizitzari buruzko diagnostiko bat egin du, eta ekintzen lehen zatian ondorioak aurkeztu dira: Bilbon 350 pertsonak kalean lo egiten dute, 8.000 etxebizitza hutsik dauden arren. Nafarroan 25.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta urtean 350 etxegabetze baino gehiago gertatzen dira; Alokairuaren batez besteko errenta 1.000 eurotik gorakoa baita, eta salerosketako etxebizitzaren prezioa 3.000 eurotik gorakoa metro koadroko.

2008ra arte, etxebizitzen eraikuntza masiboak eta hipotekak ematen zituzten finantza erakundeen abusuak larriki murriztu zuten etxebizitza eskuratzeko aukera, eta arazo hori gero eta larriagoa da. 2008ko krisiaren ondoren, bankoek finantziazio baldintzak gogortu dituzte, eta prekaritatearen ondorioz aurrezteko zailtasunak areagotuta, jende asko geratu da etxe baten erosteko aukeretatik kanpo. Prezio altu horiek gehien jasaten ari den kolektiboa gazteena da, emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtetik gorakoa da

Errealitate horren aurrean, ELAren proposamenen artean honako hauek daude: legez bermatzea etxebizitzarako eskubide subjektiboa, alokairua sustatzea salerosketa ereduaren aurrean, alokairuaren prezioak mugatzea, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratzera behartzea, etxegabetzeak geldiaraztea, turismo etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea, eta etxebizitzako gastu publikoa BPGaren %2ra igotzea.