ELAk Europa mailako harmonizazio fiskala exijitzen du

Estatuko Aurrekontu Orokorren tramitazioaren kontura, ERCk erreforma fiskal integral bat aztertzea eta aberastasun handien gaineko zerga erreformatzeko lantalde espezifiko bat sortzea adostu du Espainiako Gobernuarekin. Erreakzioak berehala iritsi dira eskuin neoliberalaren bankadatik. Politikariek eta kapitalistek askatasunaren eta Madrilen aurkako erasotzat jo dute neurria. Ildo hori jarraitu duten komunikabideak ere izan dira, "Madrili egindako eraso fiskala" moduko titularrak azalean jartzeraino heldu direnak. Baina errealitatea da Madrilgo Erkidegoak dumping fiskala egiten duela gainerako autonomia-erkidegoekin, hau da, lehia desleiala, ondarearen gaineko zerga ezabatu baitu. Era horretan, kapitalistek eta aberats handiek ez dute euro bat ere ordaintzen zergetan beren ondareagatik, eta hori oso bidegabea da justizia sozialaren ikuspegitik. Bidegabekeria horrek aberatsak Estatu espainiarreko hiriburuan kontzentratzera daramatza, Estatuko gainontzeko erkidegoak kaltetuz.
Eztabaida horretan, EAEko eta Nafarroako zerga-araubideak insolidariotzat jo dituzte, berdintasunaren aitzakian, Estatu osoa uniformeki bateratzearen aldeko batzuek. ELAk Kontzertua eta Hitzarmen ekonomikoa defendatzearen alde egiten du, Euskal Herriaren subiranotasun ekonomikorako tresnak direlako, besteak beste. Gainera, arlo honetako eskumenak Eusko Jaurlaritzak edota Nafarroako Gobernuak bere osotasunean erabaki beharko lituzkeela eskatzen dugu.
Hala ere, zerga-arloko eskumenak defendatzeak ez du esan nahi lurralde historikoetan indarrean dagoen ereduarekin bat gatozenik. Foru Aldundietan eta Nafarroan gutxi eta gaizki biltzen da. Alde batetik, presio fiskala oso txikia da Europar Batasunarekin alderatuta; bestetik, lan-errentak dira diru-kutxa publikoari eusten diotenak. Kapital-errentek oso zerga gutxi ordaintzen dituzte (Europako azken postuetan daude). Gainera, azken urteetako bilakaerak erakusten du ekarpen gero eta txikiagoa egiten dutela, administrazioek aplikatutako neurriei esker. Lurralde hau errenta altuentzako, enpresentzako eta kapitalarentzako low cost gune bihurtzearen logikaren barruan kokatzen da. Urrutira joan gabe, orain Madrili leporatzen zaion ondarearen gaineko zerga ezabatzea, EAEk urte batzuetan indarrean izan zuen.
Azaldutako guztiarekin, besteak beste, ELAk uste du beharrezkoa dela zerga zuzenak Europan harmonizatzea. Sozietateen gaineko zergaren zein beste zerga batzuen (PFEZ, ondarearena, etab.) gutxieneko tasa bat egon beharko litzateke herrialde guztietan, enpresek edota norbanakoak tributazio txikiagoa duen herrialde batera joan ez daitezen. Gutxieneko tipo horiek altuak izan behar dute, justizia fiskala eta soziala bermatzeko. Gainera, egungo egoerak diru-bilketa handiagoa eskatzen du krisi ekonomikoak eragindako gastu sozialari aurre egiteko. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da fiskalitateari ekitea, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europa mailan ere.