ELAk indarrak batzea proposatu die EH Bilduri eta Podemosi EAEn erreforma fiskala bultzatzeko

2021/05/18
ELAk fiskalitatearen egoerari buruzko txostena aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiarekin eta Xabier Zabala Azterketa Bulegoko kidearekin. EAEko eta Nafarroako zerga-sistemaren azterketa integrala jasotzen du txostenak, eta agerian uzten du sistema hori “gero eta bidegabeagoa dela”. ELAk aurkeztu duen fiskalitatearen egoerari buruzko txostenak sozietateen eta ondarearen gaineko zergaren igoera jasotzen du, “herrialdea hau ez dadin paradisu fiskala izan”.

Egin klik txostena deskargatzeko

 

Izan ere, Zabalaren hitzetan, “BEZak eta lan-errentek eusten diote diru-bilketari. Zuzeneko zergetatik, lau eurotik hiru lan-errentetatik baitatoz, eta bakarra kapitaletik”. Zerga-sistema hori izanik, ELAk neurri “zehatzak, egingarriak eta errealak” jarri ditu mahai gainean. Mitxel Lakuntza: “Herri honen proposamen estrategikoak ezin du izan paradisu fiskala izatearena. Horregatik, ELAk dei egiten die EH Bilduri eta Podemosi indarrak batu eta erreforma fiskal bidezkoagoa eta berdinzaleagoa bultzatzeko”.

Low Cost Fiskala

Xabier Zabalak nabarmendu du azken hamarkadako bilakaerak erakusten duela lan-errentek gero eta ekarpen handiagoa egiten dietela ogasunari, eta kapital-errentek gero eta gutxiago. “Arrazoietako bat da sozietateen gaineko zergari egindako beherapenak. Enpresek benetan ordaintzen duten tasa efektiboa Bizkaian -informazio zehatza ematen duen lurralde bakarrean- kontabilitate-irabazien %8,2koa da ”.

ELAk enpresa nagusien zergei buruz egindako azterlanak berresten du kopuru hori. EAEn, enpresa handiek irabazten duten hamar eurotik bat baino gutxiago ordaintzen dute zergetan, eta Nafarroan egoera antzekoa da. “Kopuru horiek erakusten dute low cost lurraldea bihurtu garela errenta altuetarako, enpresetarako eta kapitalerako”.

“Kapitalak ordaintzen dituen zergak nabarmen handitzeko aukera handia dago”, ziurtatu du Zabalak. EBren presio fiskala BPGaren %40,1 izan da, eta EAEn eta Nafarroan %32,3 eta %31. Aldea 7,9 puntukoa eta 9,1ekoa izan zen, hurrenez hurren. “Alde horrek esan nahi du presio fiskala EBren batez bestekoaren berdina izan balitz, 5.976 milioi euro gehiago bilduko liratekeela EAEn eta 2.005 milioi euro gehiago Nafarroan”. Horregatik, Lakuntzak azpimarratu du “nahi duguna ez dira Europako funtsak, Europako fiskalitatea baizik”.

Elkarlanerako proposamenak

ELA aspalditik ari da fiskalitatea errotik aldatu behar dela aldarrikatzen. “Gehien dutenek ekarpen handiagoa egiten duen zerga-sistema defendatzen dugu”. Horretarako, txostenak proposamen hauek biltzen ditu:

  • PFEZn errenta altuetarako zerga-tasak handitu behar dira. Bestalde, errenta guztiak zergaren taula orokorrari lotu behar zaizkio, aurrezkiari mesede egiten dion taularik gabe. Azkenik, BGAEen eta pentsio-planen zerga-ordainketa aldatu behar da.
  • Sozietateen gaineko zergan kenkari eta pizgarri fiskalak kendu behar dira, eta tasa efektiboa ekitaldiko mozkinen gaineko %25ekoa izan, salbuespenik gabe. Beharrezkoa da mozkinak sortzen diren lurraldean aitortzera behartzea. Azkenik, krisi-egoera honetan, ezinbestekoa da 2020ko irabazien %20ko errekargu berezia ezartzea.
  • Ondareari berariazko errekargu progresibo ezarri behar zaiola, %1 eta %10 bitartekoa, bai eta zerga horren eta PFEZren baterako muga ere.

Gainera, ELAk uste du beharrezkoa dela ogasunei baliabide gehiago ematea iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko. Bestalde, ELAk erabateko arau-gaitasuna eskatzen du EAEko eta Nafarroako parlamentuetan zerga-politika erabakitzeko. Azkenik, beharrezkoa da Europa mailako harmonizazio fiskala, tasak igotzeko eta dumping fiskala saihesteko.

Mobilizazioak

Nazioarteko ahots askok eskatu dituzte kapitalarentzako zerga igoerak, gogoratu du Lakuntzak: “Joe Biden, FMI edo OCDE bezalako mundu mailako erreferentziek -ezkerreko ikuspegia izateagatik susmagarriak ez diren erakundeek— politika fiskala aldatzea defendatzen dute. Haiek ere badakitelako ez direla bideragarriak”.

Horregatik, Lakuntzak uste du erreforma fiskala eztabaida saihestezina dela egun. Hala ere, Euskal Herrian “Urkullu eta Chivitek defendatzen jarraitzen dute zenbat eta diru gehiago irabazi, orduan eta gutxiago ordaintzen duten enpresa eredua, eta, ondorioz, jende arruntak finantzatzen du diru publikoa”.

Horregatik, ELAk lau mobilizazio egun deitu ditu, “badakigulako aldaketa horiek, beharrezkoak izanda ere, ez direla gauetik goizera lortuko. Presiorik gabe, ez da erreforma fiskalik izango”. Hona hemen deialdiak:

  • Ekainaren 3an, Bilbon, Plaza Berrian.
  • Ekainaren 4an, Iruñean, Errekoleten plaza.
  • Ekainaren 15ean, Gasteizen, Probintzia Plazan.
  • Ekainaren 17an, Donostian, Trinitate plazan.