ELAk Nafarroako Gobernuari eta Foru Aldundiei egindako proposamenak aurkeztu ditu

2019/05/24
Foru Aldundien eta Nafarroako Gobernuaren gobernu-ekintzari buruz dokumentu bana prestatu du ELAk. Sindikatuaren iritziz ezinbestekoa da erakundeek aplikatu izan dituzten aurrekontu- eta zerga-politikak goitik behera aldatzea.

 

Zerga-politikari buruzko proposamenak hiru sailetan bana daitezke:

  • Iruzur fiskalaren jazarpena. Soldatapeko ez diren errenta guztiak gehienez lau urteko epean ikuskatzea.

  • PFEZ erreformatze aldera arautegi aldaketak (esaterako, errenta guztiek gutxienez lan errentek adinako zergak ordaintzea; galdutako progresibitatea berreskuratzea; errenta irregularrentzako salbuespenak kentzea, edota egutegi bat zehaztea kenketarik erregresiboenak bertan behera uzteko), baita Sozietateen gaineko Zergan ere (tasa nominala %35ean ezartzea, %24ko gutxieneko zergapetze efektiboa berehala ezartzea; kenketa fiskalak mailaka kentzea).

  • Informazioa eta parte hartze soziala: Ekitaldien arteko informazio egoki, zehatz eta alderagarria eman zerga bakoitzaren kudeaketaren eta ikuskapenaren inguruko parametro nagusiei buruz; iruzur fiskalari buruzko aldizkako ikerketak egin.

    Halaber, aurrekontu-politika hemen bertan erabaki behar dela esaten da, hots, ez dela onartu behar (eta are gutxiago adostu, gertatu izan den bezala) espainiar estatuan erabakitzen den gastu-araua, ez eta zor eta defizit publiko mugak ere. Azken urteetan Hego Euskal Herriko erakundeek beren eskumenak baztertu egin dituzte, eta hau politikoki onartezina ez ezik larria izan da, eragin dituen kalte sozialengatik. ELAk hau salatu du; sindikatuaren esanetan, diru-sarrerak zeharo gehituko dituen zerga-erreformarik gabe eta aurrekontu marko hau ontzat emanez gero ezinezkoa da aurrekontu-politika soziala. Gainera, salatu dugu oso larria dela ezker politikoak jokabide hau eta horrek berarekin dakartzan aurrekontu- eta zerga-politika ontzat ematea.

ELAk plazaratu dituen dokumentuek beste gai garrantzitsu batzuk ere jorratzen dituzte, esaterako trantsizio ekologikorako erabaki konkretuak eta enplegu berde izenekoak sustatzeko bidea.

Bestalde, eremu instituzional bakoitzari dagozkion gaiak aztertzen dira: Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu gaindi dezala osasun eta hezkuntza arloetan Europar Batasunarekiko dagoen gastu publiko arrakala. Nafar erakundeei zein EAEkoei galdegiten diegu gizarte-zerbitzue sistema publiko, unibertsal eta doakoa ezar dezatela, menpekotasun egoeran daudne pertsonen beharrizanak asetuko dituena.

 

Dokumentua eskuragarri

EAE

 

NAFARROA