ETXEBIZITZA POLITIKA

ELAk proposatu du EAE eta Nafarroako lurralde guztia tentsio handiko eremu izendatzea errentak merkatzeko

2024/07/09
Sindikatuak beste proposamen batzuk ere egin ditu: Euskal Herriko alokairu-etxebizitzaren indizea sortzea, erabilera turistikoa kontrolatzea eta hutsik dauden 100.000 bizilekuak mobilizatzea. Egungo neurriek eragiten dute diru publikoa eraikuntza enpresetara eta jabeengana bideratzea; hauek aberasten dira unibertsala izan beharko lukeen eskubide bati esker

ETXEBIZITZARI BURUZKO TXOSTENA

ELAk txosten bat plazaratu du etxebizitzaren auziari buruz; bertan analizatzen da tentsio handiko eremuek alokatutako etxebizitzen prezioan duten eragina; sindikatuak hainbat neurri proposatu du arazo horri aurre egiteko. Ikerlanak dioenez, errenten prezioak mugatzeko hartzen diren neurri politiko urriek “ate ugari irekita uzten dituzte merkatua nagusitu dadin, unibertsala izan beharko lukeen eskubide bati esker aberasten jarraitzeko”. Hain zuzen, ELAk salatu du neurri horiek benetan dakarte “diru publikoa eraikuntza enpresetara eta klase errentistara bideratzea”.

ELAk hasieratik salatu zuen 2023an indarrean sartu zen Etxebizitzako estatuko legea ez zela nahikoa, izan ere, ez baitzion aurre egiten higiezinen espekulazioari, eta alokairuen prezioa jaitsiarazteko neurriak motz geratzen baitziren. Gainera, autonomia-erkidegoen esku utzi zuen tentsio handiko eremu zer den definitzea; honen emaitza izan da Eusko Jaurlaritzak legearen kontrako helegitea sartu zuela (alegia, eskubide gehiago izan eta hobeto bizitzeko aldarrikatzen den berton erabakitzeko eskubidearen kontrakoa), eta Nafarroako Gobernua oso geldo ari da jokatzen (nahiz eta 2022ko Foru legeak kontu hau aintzat hartu zuen).

Alokairuak, gero eta garestiago

Etxebizitzako Behatokiak dioenez, etxebizitza alokatuta duen jendearen % 81 halabeharrez dago egoera horretan, bizilekurik erosi ezin duelako, edota behin behinean bizi da errentan, erosteko aukera izan arte. Gainera, alokairuen prezioa Hego Euskal Herri guztian zegar ari da garestitzen; hala adierazten dute datu hauek (7. orrialdeko grafikoa, 80 m2ko etxebizitza): batez beste hileko 1.376 euro Donostian, 1.136 Bilbon, 912 Gasteizen eta 848 Iruñean.

Bestalde, EAEn 92.231 jabek dute etxebizitzaren bat alokatuta; hauen profila: 60 urte, goi mailako ikasketak eta nazionalitate espainiarra; baina hauek ez dira legearen arabera edukitzaile handiak, oso irizpide zorrotza ezarri baita halakotzat hartzeko. Beste aldean errentariak ditugu: lehen mailako ikasketak, batez beste 46 urte, eta erdiak, atzerritarrak. ELAren txostenean ondorio bat ateratzen da: “Maizterren % 72 alokatutako etxe batean bizi da erosteko dirurik ez duelako; jendeak ez du nahiago errentan bizi, gauza da ezin duela bizilekurik eskuratu”. Eta honekiko gazteen egoera nabarmentzen da: beren sarreren % 50 (% 56 emakumeen kasuan) alokairuan gastatu behar dute.

6.700tik gora etxebizitza turistiko EAEn eta Nafarroan

Gobernuek hartzen dituzten erabakiek arazoa ez dute inola ere konpontzen: lankidetza publiko-pribatua, errentarientzako laguntzak, jabeentzako beherapen fiskalak... Proposamen guztiek diru publikoa eraikuntza enpresetara eta errentistetara bideratzen dute. ELAren iritziz tentsio handiko eremuetan hartu beharreko erabakiak ez dira nahikoak. Sindikatuaren beste kritika puntu bat da legeak ez dituela etxebizitza turistikoak arautzen; honen ondorioz gero eta gehiago dira, eta etxebizitza izateko eskubidearen arazoa areagotu egiten da. Hego Euskal Herrian etxebizitza turistikoak 2022tik hona % 30 gehitu dira (honez gero 5.140 dira EAEn eta 1.583 Nafarroan).

ELAren proposamenak

ELAren dokumentuak amaitzeko proposamen multzo bat egiten du; hauek dira nagusiak:

  1. EAE eta Nafarroako lurralde guztia salbuespenik gabe tentsio handiko eremu deklaratu.
  2. Araudia alokairuko etxebizitza guztiei aplikatu, ez soilik edukitzaile handi direlakoen esku daudenei (hauek gurean gutxi dira).
  3. Hego Euskal Herriko etxebizitza alokairuaren indize bat sortu (aspaldidanik gaiok lantzen ari diren mugimendu sozialak aintzat hartuz).
  4. Legez bermatu etxebizitza izateko eskubide subjektiboa; higiezinen sustapenerako egungo politikak aldatu (merkatuaren logika baita nagusi, ez interes orokorra), eta jabe-klaseari ematen zaizkion onura fiskalak kendu.
  5. Hutsik dauden 100.000 etxebizitzak mobilizatu, errentan eskaintzeko.
  6. Etxebizitza eraikitzeko enpresa publiko bat sortu.
  7. Erabilera Turistikoko Etxebizitzak mugatu eta kontrolatu.