ELAk salatu du aldundien eta Jaurlaritzaren neurriak gizarteari iruzur egitea direla

2022/07/29
Mikel Novalek, ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak, iruzurtzat jo ditu EAEko foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurriak inflazioaren ondorioak arintzeko. “Egiten dena baino gehiago, egiten ez dena da deigarriagoa. Euskal Herriko erakundeek uko egiten diote beharrezko erreforma fiskala aurrera eramateari, enpresen mozkinei, kapitalari eta ondareari zergak handituz”.

Bestela esanda, gehitu du, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru lurraldeetako aldundiek euskal salbuespen bat ezarri nahi dute, enpresa etekinei eta kapitalari zergak handitzeari uko eginez; gainera, ez zaie energia enpresei eta bankuei inola ere zerutik eroritako mozkinen gaineko zergarik planteatzen. “PFEZaren tarifaren deflaktazioa berandu dator eta ez da nahikoa. 200 euroko kenkaria urria da, ez da nabarituko urtebete barru arte, eta gehien behar duen jendea kanpoan uzten du”, kexu da.

Novalek salatu duenez, Europar Batasunean energia enpresek eta finantza erakundeek gehiegizko etekinengatik zerga gehiago ordaintzeko neurriak hartzen ari dira, baina “berton euskal salbuespena aplikatu nahi da, enpresa horiek zerga gehiago ez ordaintzeaz gain, erabat onartezina den tratamendu pribilegiatua ematen dien oasi moduko bat sortuz. Oso larria da gertatzen ari dena, eta erakusten du euskal erakundeak Petronor, Iberdrola edo bankuen interesen mende daudela, mozkinak izugarri handitzen ari baitira herritarrak txirotzearen kontura”.

Neurriei dagokienez, Novalek adierazi du tarifaren deflaktazioa “berandu iritsi dela, 2022ko urtarriletik onartu behar zelako, eta ez dela nahikoa, iazko inflazioa %6,5ekoa izan baitzen, PFEZren tarifaren deflaktazioa azpitik geratuz, %5,5ean”. Inflazioari aurre egiteko iragarritako 200 euroko kenkariari dagokionez, ELAko arduradunak gogorarazi du “PFEZren kenkariek ez dietela mesederik egiten diru sarrera txikienak dituzten pertsonei, ez baitute zerga hori ordaintzen; beraz, behar handiena duten pertsonei laguntzeko tresnak zuzeneko prestazio ekonomikoak dira, ez kenkariak. Kenkariek kanpoan uzten dituzte behar gehien dutenak. Gainera, gustu txarreko txantxa da jendeari kenkari baten bidez lagunduko zaiola esatea, horren eragin mugatua ia urtebete barru nabarituko denean, PFEZaren aitorpena egitean”.

Novalen ustez, ez dago krisiari eta haren ondorioei aurre egiteko neurririk, euskal erakundeek gutxi eta gaizki egiten baitute.