PENTSIOAK

ELAk salatu du erretiroa atzeratzeko bidean sakondu dela

2025/01/24
Aste honetan pentsioei buruz espainiar Kongresuan baliozkotutako Errege Lege Dekretuari dagokionez, ELAk salatu du zenbatekoak murriztu dituzten aurreko erreformak indargabetu beharrean, erretiro adina 67 urtetik gora atzeratzeko bideari argi berdea eman zaiola. ELAk kritikatu du alternatiba gisa eskaintzen den arren, enplegua eta erretiroa uztartzeko neurriaren borondatezkotasunak errealitate bat ezkutatzen duela: pentsio baxuek dakarten prekaritateari aurre egiteko, askok horretara ikusiko dute behartuta euren burua.

Lan bizitza luzatzea eta pentsioa enplegu batekin bateragarri egitea ahalbidetzen duen Espainiako Kongresuan onartutako Dekretuaren aurka agertu da ELA. Adierazi duenez, neurriaren helburu bakarra erretiro adina atzeratzen jarraitzea da, bere garaian Elkarrizketa Sozialerako Mahaiean adostu zuten 67 urteko langatik gora ere. Erreforma hark bere erantzuna izan zuen Euskal Herrian Greba Orokor baten bitartez.


Aldian-aldian onartzen ari diren pentsio erreformek funtsezko bi helburu dituzte: erretiro adina atzeratzea eta pentsio berrien zenbatekoak murriztea. Bi neurri horiek lotura zuzena dute, ELAren arabera. Pentsioen zenbatekoak murrizten diren bitartean, pentsioa eta enplegua uztartzeko aukera zabaltzen da, nahi duenarentzat. Borondate faltsu horrek, ELAk salatu bezala, bizitza duina eta ez prekarioa bermatuko duten diru sarrerak lortzeko derrigortasuna ezkutatzen du.


Era berean, ELAk adierazi du erreformak berekin dakarrela pertsona prekarioenen lan bizitzak luzatzea erretirorako eskubidea lortzeko, edo, horretarako eskubidea izanez gero, pentsioaren zenbatekoa duina izateko.


ELAk gogorarazi du, enpresa eta erakundeen ikerketek adierazi izan duten bezala, erretiro adina atzeratzeak bizitza laburtzea dakarrela. Sindikatuaren iritziz, onartezina da beren burua aurrerakoi izendatzen duten erakunde sindikalek eta gobernuek horrelako neurriak babestea.