Etxebizitza Legea

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak Legea errekurritu duela behar sozialekin negozioa egiten dutenen interesak defendatzeko

2024/02/28
ELAk kritikatu du Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza Legea Auzitegi Konstituzionalera jotzeko erabakia. EAJk zuzenean hartutako erabakia dela dio sindikatuak. "Jeltzaleen argudioa da eskumenen ustezko inbasioa dagoela, baina errealitatea da EAJk gizarte hobekuntzen aurka egiten duela, horrek aurrekontu publikoa handitzea edo interes ekonomiko handiei kalte egitea dakarrenean", kexu da. Gauzak horrela, ELAk EAJri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die atzera egin dezatela Etxebizitzaren Legea errekurritzeko asmoan, eta abian jar ditzatela etxebizitza eskubidea gauzatzeko eskatutako neurriak.

Sindikatuak dio ez da lehen aldia EAJ edo bere erakundeetako buruzagiak Madrildik datozela aurrerapen sozialen kontra agertu direla. Garraio publikoaren prezioa murrizterakoan ere esan zuten eskumenak zapaltzen zirela.

ELAk ez zuen begi onez hartu Estatuko Etxebizitzaren Legea, eskasa delako. Lege horrek ahalbidetzen du (ez du behartzen) erkidegoek tentsiopeko eremuak izendatzea eta horietan alokairuen prezioak gainditzea. Konstituzio Auzitegiak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen eremu horiek arautzen zituen Kataluniako Legea, ez zegoelako hori ahalbidetzen zuen estatu esparrurik. Beraz, estatuaren xedapen hori gabe, ezinezkoa da neurri hori hemen hartzea. "Horrek agerian uzten du Eusko Jaurlaritzaren egungo errekurtsoaren helburua ez dela eskumenak defendatzea, baizik eta saihestea euskal erakundeek etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak hartzea", baieztatu du sindikatuak.

ELAren ustez, Eusko Jaurlaritza etxebizitzaren egoera larriaren erantzulea da. "Bere politikek lehentasuna eman diete eraikitzailei, higiezin enpresei edo espekulazioaren bidez irabaziak lortzen dituztenen interesei", dio.