Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzaren politikek pobrezia kronifikatzen eta areagotzen dutela

2026/03/30
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzaren politikek pobrezia kronifikatzen eta areagotzen dutela
ELAk ohartarazi du prestazio sistemak ez dituela beharrak asetzen eta gero eta langile gehiagok ezin dituztela oinarrizko gastuei aurre egin.

ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako 2024ko Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkestako (EPDS2024) datuek adierazle nagusietan okertzea edo geldialdia erakusten dutela, eta horrek agerian uzten duela egungo testuinguru ekonomikoan, “egungo politikek ez dutela pobrezia murrizten, baizik eta kronifikatu eta areagotzen dutela”.

Gizarte-prestazioen sistema eskasa dela azaldu du ELAk: pobrezia arriskuan dauden pertsonen %30 inguru sistematik kanpo geratzen da, eta prestazioren bat jasotzen dutenen %45ek pobrezia edo zaurgarritasun egoeran jarraitzen dute. ELAren arabera, horrek erakusten du egungo ereduak ez diela benetako beharrei erantzuten eta ez duela pobrezia iraunkorra desagerrarazten.

Eusko Jaurlaritzak proposatutako neurriak epe laburreko laguntza edo bonuetara mugatzen direla kritikatu du ELAk, politika sozialen aldaketa sakonik planteatu gabe, eta “horrek gero eta murriztaileagoa eta eraginkortasunik gabea den sistema betikotzen” duela.

Datuen bilakaerari dagokionez, inkestak erakusten du egoera ekonomikoa okertu egin dela herritarren artean. Ohiko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzten pertsonak 121.659tik (2018) 126.217ra (2024) igaro dira. Are nabarmenagoa da gastuak murriztera behartuta daudenen hazkundea: 252.162tik 439.896ra igo dira, %75eko hazkundea.

ELAk azpimarratu du pobrezia bereziki pairatzen dutela kolektibo zaurgarrienak: guraso bakarreko etxeek, adingabeak dituzten familiek, bakarrik bizi direnek eta emakumeak, gazteak eta migratutako pertsonak buru duten etxeek (etxe migratuen %25 pobrezia egoeran dago, bertakoen %3,2ren aldean).

ELAk gogorarazi du “Azterketak 56: pobreziatik pauso batera” txostenaren ondorioetako bat: gero eta zabalduago dagoela “langile pobrea” fenomenoa. Nahiz eta pobrezia nagusiki langabeziari lotuta egon, gero eta gehiago dira lanean egonda ere hilabete amaierara iristen ez direnak, lan merkatuaren prekarizazioa agerian utziz.