ETXEBIZITZA POLITIKA

ELAk uste du EAE osoa eremu tentsionatu izendatu beharko litzatekeela

2025/05/06
ELAren arabera, etxebizitzaren arazoa ez da konponduko egiturazko neurriak hartzen ez badira.

Eusko Jaurlaritzak 32 udalerri etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeko prozedura hasi du, Estatuko Etxebizitza Legean ezarritako hiru irizpideetako bat, gutxienez, betetzen dutela iritzita: prezioen igoera, gehiegizko ahalegin ekonomikoa edo salerosketako tentsioa. Era berean, beste udalerri batzuek tentsionatutako etxebizitza-merkatuaren babespean egoteari utziko liokete, baldintza horiek betetzen ez dituztelako. ELAk berretsi du EAE osoa eremu tentsionatu izendatu beharko litzatekeela eta, beraz, alokairuaren prezioa lurralde osoan arautu beharko litzatekeela, salbuespenik gabe.

ELAk gogorarazi du etxebizitzaren arazoa udalerri bat tentsionatutzat jotzeaz harago doala. Izan ere, sindikatuak adierazi du eremu tentsionatu izaera galdu duten udalerriek etxebizitza eskuratzeko arazoak izaten jarraitzen dutela: eskaintza gutxi eta garestia, etxebizitza hutsak, alokairu turistikorako eskaintza zabala... Gainera, Eusko Jaurlaritzak udalen esku uzten du eskaera, Jaurlaritzak berak egin beharrean, prozesua motelduz, ELAk kritikatu duenez.

Halaber, oraindik ez da egin tentsiopeko eremu horietako etxebizitzen prezioa mugatuko duen indizea. Aldundiek igorri behar dute finkatzeko behar den informazioa. ELAk salatu du indizea ezartzeak emaitza mugatua izango duela, eremu tentsionatuetan eta jabe handien etxebizitzetan baino ez baitu izango eragina. Sindikatuaren ustez, horrek erakusten du etxebizitzaren arazoari heltzea ez dela lehentasuna Eusko Jaurlaritzarentzat, eta agerian uzten duela errealitate horren inguruko interes talka.

ELAk aldarrikatzen du etxebizitzaren arazoari osotasunean heldu behar zaiola, eta horretarako ezinbestekoa da: EAE etxebizitza tentsionatutako eremu deklaratzea, salbuespenik gabe; araudia alokairuko etxebizitza guztiei aplikatzea, ez bakarrik jabe handien esku daudenei (gure lurraldean gutxi dira); Hego Euskal Herrian etxebizitzaren alokairu-indize bat sortzea; etxebizitzarako eskubide subjektiboa legez bermatzea (beharrezkoa da higiezinak sustatzeko egungo politikak aldatzea, merkatuaren logika alde batera utzita eta onura fiskalak ezabatuta); hutsik dauden 100.000 etxebizitzak alokairurako mobilizatzea; etxebizitza eraikitzeko enpresa publiko bat sortzea eta erabilera turistikoko etxebizitzak mugatzea eta kontrolatzea.