Prezioak berriz gora

Elikagaiak %15,4 eta batez besteko hipoteka 3.600 euro garestiagoak dira

2023/02/15
KPI berriro ere igo da urtarrilean eta %5,9ra iritsi da. Soldatak, ordea, ez dira horren neurrian eguneratu, eta elikagaien prezioek gora egiten jarraitzen dute maximo historikoetan. Gainera, interes tasen igoerak hipotekak nabarmen garestitzea eragin du. “Horrek langileen pobretze prozesua bizkortzen du, batez ere errenta txikienena”, dio ELAk.

Elikagaien eta alkoholik gabeko edarien prezioa duela urtebete baino %15,4 handiagoa izan da urtarrilean. Azukrearen prezioa %52 igo da; esnea %26; oliba olioa %30; arrautzak %27; arroza %20; ogia %14; eta hegazti haragia %14, adibide batzuk ematearren. Ildo horretan, Sanchezen Gobernuak oinarrizko produktuen BEZa kentzeko iragarri duen neurriak ez du ia eraginik izan janarien prezioetan. Izan ere, elikagai eta edari ez-alkoholikoen hileko aldakuntza % 0,4 hazi da.

Azpimarratzekoa da azpiko inflazioak etengabe gora egiten jarraitzen duela eta %7,5ean kokatu da dagoeneko, oraingoan puntu erdia igo da eta horrela KPIaren urte arteko tasaren gainetik finkatu da. Azpiko inflazioak elementu aldakorrenak (elikagaiak edo energia) kanpo uzten ditu, eta horien etengabeko igoerak erakusten du enpresak kostuen igoera produktuen eta zerbitzuen azken salneurrira eramaten ari direla. “Enpresak egoera aprobetxatzen ari dira etekinak handitzeko”, salatu du sindikatuak.

Horri gehitu behar zaio interes tasen igoerak hipoteken prezioan dituen ondorioak. Euriborra %3,5etik gora dago gaur egun, eta duela urtebete balio negatiboetan zegoen. Ondorioz, batez besteko hipoteka aldakorra urtean 3.600 eurotik gora garestitzea aurreikusten da, eta gaur egun sinatzen diren hipoteka finkoak ere garestitu egingo dira.

Erosketa saskia eta etxebizitzaren prezioa nabarmen garestitzen dira, soldatak KPIaren arabera eguneratu gabe dauden bitartean. “Horren ondorioz, langile klaseak, bere errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratzen duenak, bere erosteko ahalmena murrizten du eta gero eta pobreagoa da”, azpimarratu du ELAk.