Emakumeei egindako kontratuen erdiak lanaldi partzialekoak izan ziren

2020/02/25
Hego Euskal Herriko 2019ko kontratazioaren egoera aztertu du ELAk. Guztira, 1.406.992 kontratu egin ziren 2019an Hego Euskal Herrian. Kontratuen %50,4 emakumeei egin zitzaien, eta %49,6 gizonei. Kontratu kopurua bizi dugun prekarietate handiaren sinonimo dela azpimarratu du Mitxel Lakuntza Idazkari Nagusiak. Bere hitzetan "langile pobrearen figura egonkortu du" azken hamarkan eman den kontratazioak.ELAk enplegu-politiken erabateko aldaketa eskatzen du, hala nola lan-erreformetan atzera egitea, lanaldia 35 ordura murriztea, kasu gehienetan legez kanpokoa den behin-behinekotasuna eragozteko lan-ikuskaritzaren benetako ekitea.

2019an sortutako enpleguek, soldata txikiak, erabateko behin-behinekotasun eta partzialtasun handia erakusten dutela eta, bereziki, zerbitzuen sektorean diharduten gazte eta emakumeen artean nagusitu direla salatu du ELAk. Era honetan, azaldu du Hego Euskal Herrian egindako kontratu guztien %36,9 lanaldi partzialekoak izan direla.

Azkenik, 2019an egindako kontratuen %7,8 soilik izan ziren mugagabeak (%8,2 gizonen kasuan eta %7,4 emakumeen kasuan). Gainerako kontratuak, %92,2, behin-behinekoak izan ziren.

Ikusi txostena