Emakumeek gizonek baino 6.849 euro gutxiago irabazten dituzte Nafarroan

2020/07/09
Emakumeek egindako lanak gutxiago ordaintzen dira Nafarroan eta mundu osoan. Zehazki, soldata-arrakala % 30,2koa da.

Krisiak eta konfinamenduak are argiago utzi dute zenbait lan oinarrizkoak direla bizitzari eusteko, hala nola zainketak, garbiketa lanak, elikadurari dagozkionak, osasuna, etab. Feminizatutako lanak eta sektoreak dira, eta gutxitan izaten dute behar duten prestigioa eta aintzatespena. Emakumeei historikoki izendatutako lanek ordainsari txikiagoa izan dute eta dute, eta horri gehitu behar zaio Nafarroan lanaldi partzialeko lanen %77,9 emakumeak egiten dituztela.

Egitura horren ondorio zuzenenetako bat soldata-arrakala da. 2018an, batez besteko irabazia 26.364 eurokoa izan zen Nafarroan. Baina irabazia sexuaren arabera aztertzen badugu, ikusten da gizonek batez beste 29.546 euro irabazi zituzten bitartean emakumeek 22.697 euro irabazi zituztela. Urtean 6.849 euro gutxiagoko aldea, %30,2ko aldea.

Prekarietatearen eta desberdintasun sozialen errealitatea erakusten duten beste datu batzuk dira aldi baterako kontratua duten pertsonek batez bestekoa baino %23,9 gutxiago irabazten dutela, eta zuzendari lana dutenen batez besteko soldata 55.290 eurokoa den bitartean, oinarrizko lanbideen batez besteko soldata 20.366 eurokoa dela.

Honen aurka asko dago egiteko. Administrazioen eta erakundeen esku dago lan-baldintzak aldatzea, batez ere sektore prekarioetan eta azpikontratatuetan lan egiten duten milaka emakumerenak.

Gure esku dagoena honen aurrean antolatu eta lan-baldintza duinen alde eta berdintasunaren alde borrokatzea da.