Etxebizitza

Emakumeek zailtasun handiagoak dituzte etxebizitza eskuratzeko

2024/05/03
Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txosten batek ELAk aspaldidanik salatzen duena berresten du: emakumeek behin-behinekotasun, partzialtasun eta soldata txikiagoarekin jasaten duten lan-prekarietateak are gehiago zailtzen du kolektibo horrek etxebizitza eskuratzea.

Euskadin etxebizitza eskuratzeari buruzko txostena genero-ikuspegitik izenburupean, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak emakumeek etxebizitza duina lortzeko zailtasun handiagoak izatearen arrazoiak aztertu ditu. Arrazoi nagusia enpleguaren prekarietatea da: jarduera-tasa txikiagoa, langabezia-tasa handiagoa eta 5.622 euroko soldata-arraila.

Funtsezko beste elementu bat kontratuen partzialtasuna da. Lanaldi partziala duten pertsonen %80 emakumeak dira, eta egoera hori zuzenean lotuta dago emakumeek egiten dituzten zaintza lanen pisu handiagoarekin. Aldiz, lanaldi osoko kontratuak dituzten pertsonen % 60 inguru gizonak baitira.

Hori dela eta, lehen etxebizitza eskuratzeko beharra duten 18 eta 44 urte bitarteko 10 emakumetik 8k ez du horretarako baliabide nahikorik. Etxebizitza aurkitzeko orduan emakumeek duten kalteberatasun handiagoa erakusten duen beste adierazle bat babestutako etxebizitzen eskaeren joera handiagoa da, bai erosketa-erregimenean, bai alokairu-erregimenean.

Etxebizitzaren euskal legearen 2015eko eskubide subjektiboari dagokionez, eskubide hori neurri handiagoan aitortu zaie emakumeei, lan-diskriminazioagatik egoera ekonomiko txarrago batean daudelako. Eskubidea aitortuta duten pertsonen %64,5 eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa (EPE) jasotzen duten pertsonen %70 emakumeak dira.

Ildo horretan, gogoratu behar da etxebizitzarako eskubide subjektiboak ez duela bermatzen, ezta urrutitik ere, EAEn etxebizitza duina izatea. Etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortuta duten pertsona guztien eskakizunei aurre egiteko alokairuko etxebizitza babestu nahikorik ez dagoenez, Eusko Jaurlaritzak 2015etik prestazioaren bidea erabiltzen du etxebizitza bat eskuratzeko. Gogora dezagun 2024rako EPEa 300 eurokoa dela, merkatu librean etxebizitza bat alokatzeko oso eskasa.

Ondorioa argia da: zenbat eta prekarietate handiagoa, orduan eta arazo gehiago etxebizitza lortzeko. Hala ere, txostena ez doa diagnostikotik harago, eta ez du alernatibarik planteatzen egoera horri buelta emateko. ELAk uste du beharrezkoa dela genero-arrakala, prekarietate-egoerak eta sexuak, adinak eta jatorriak sortzen duten diskriminazioa amaitzea. Eta horretarako, greba da tresnarik eraginkorrena.

Era berean, urteak daramatzagu etxebizitza-politiken eredua aldatzeko eskatzen. Eskubidea bermatu behar da, behar duten pertsonei etxebizitza bat emanez, eta prestazioaren bidearekin amaituz.