Nafarroako diru bilketa
Enpresa eta enpresarien pribilegio fiskalak garesti ordaintzen ditugu

Nafarroako Gobernuak badauka zerbitzu publikoak eta bere langileen baldintzak hobetzeko eskumena (horrela erakutsi du sindikatu medikuarekin egindako akordioan). Eta dirua ere badauka, nahi izanez gero. Nafarroako Gobernuaren esku dago, neurri haundi batean, zenbateko errekurtsoak izatea erabakitzea, zerga politikaren bidez.
Hiru ezaugarri ditu Nafarroako fiskalitateak. Lehena diru gutxi biltzen duela. Europar Batasunean batez beste biltzen dena bilduko balitz, 1.700 milioi euro gehiago bilduko lirateke urtero. Argi dago askoz diru gehiago biltzeko aukera dagoela.
Bigarren ezaugarria diru bilketa langile klasean sustengatzen dela da. Iaz Nafarroako Gobernuak jaso zuen diruaren %46 zeharkako zergen bitartez bildu zuen. Hau da, aberatsenek eta gutxien dutenek berdin ordaintzen dituzten zergak, BEZa adibidez. Eta zuzeneko zergen bitartez biltzen zenaren hamarretik sei, laneko errentei jaso zitzaien. Beraz, zuzenean jasotzen denaren gehiengoa langileei jasotzen zaie, eta zeharkako zergen gehiengoa ere langileei jasotzen zaie, kontsumoagatik ordaintzen diren neurrian.
Hirugarren ezaugarria enpresek gutxi ordaintzen dutela eta iruzurra egitea posible dutela da. Estatu osoa kontuan hartuta, Nafarroa da enpresen gaineko zergarik gutxiena ordaintzen den tokia. Estatuko legediarekin, bataz beste Nafarrokoarekin baino 3 puntu gehiago ordaintzen dute enpresek. Horri enpresariek errentak aitortzean egiten duten iruzurra gehitu behar zaio: laneko errentek baino urtean 6.000 euro gutxiago irabazten dutela aitortzen dute.
Hau da Nafarroako zerga politikaren argazkia. Eta argazki hau ez da aldatu UPNk Nafarroako Gobernutik alde egin zuela zortzi urte pasa badira ere. Orduko zerga politika berberarekin jarraitzen dugu. Zazpi aurrekontu onartu dira geroztik, zazpi akordio eginez horretarako. Baino aurrekontu akordioetako batek ere ez ditu arriskuan jarri Nafarroako elite ekonomiko eta enpresarien pribilegioak eta estatusa.
Pribilegio hauek Osasunbideako itxaron zerrendak luzatzea suposatzen du, eta hezkuntzako ratioak jasangaitzak izatea, edo Errenta Bermatuak gutxieneko soldatarekiko %54ko erosahalmena galtzea, besteak beste.