Enpresa handiek mozkin historikoak izan dituzte 2023an

2024/02/15
Espainiako bankuek 26.000 milioi baino gehiagoko irabaziak lortu dituzte, %26 gehiago; eta Espainiako kotizatuen dibidenduak 30.000 milioi eurotik gorakoak izan dira

Duela urtebete hainbat erakundek ziurgabetasun ekonomikoa iragarri bazuten ere, enpresa handiek egoera aprobetxatu dute beren etekinak maximizatzeko, errekor historikoetara iritsi arte. Aldiz, azken urteko soldaten igoera gorabehera, langile klaseak pandemia aurreko erosteko ahalmena berreskuratu gabe jarraitzen du.

Azken egunetan banketxe nagusien emaitzak argitaratu dira, non 26.000 milioi eurotik gorako mozkinak izan dituzte, 2022an baino %26 gehiago. Banco Santanderrek (11.000 milioi, %15 gehiago), BBVAk (8.000 milioi, %26 gehiago), Sabadellek (1.300 milioi, %50 gehiago), CaixaBankek (5.000 milioi, %54 gehiago) eta Bankinterrek (845 milioi, %51 gehiago) emaitza bikainak lortu dituzte Banku Zentralen politikei esker. Izan ere, diru-sarrera gehienak interes-marjinaren gorakadatik datoz, hau da, irabaziak handitu dituzte familiak itota, hipotekengatik gehiago ordainaraziz.

Gogoratu behar da banku horiek izan zirela bankuen zerga bereziaren aurka agertu zirenak, ekonomiari laguntzen ez ziola ziurtatuz eta auzitegietara ere joz zerga bertan behera uzteko. Azkenik, aipatu behar da bost bankuen artean lortutako irabazien %4,3 baino ez dutela ordaindu.

Bestalde, urteko kontuak argitaratu ez diren arren, aurreikuspenen arabera, Espainiako kotizatuek onura historikoak izango dituzte. Gainera, akziodunentzako ordainsaria ia 2019ko mailan dago jadanik, hau da, 30.000 milioi eurotik gora banatuko dituzte.