Enpresa handien mozkinek gora egiten jarraitzen dute

2022/10/03
2021ean Ibex35 indizeko enpresek 60.000 milioi euro inguruko mozkinak izan zituzten. Zifra hori testuinguruan jartzeko, onura horiek 2019an lortutakoak baino % 83 gehiago izan ziren, eta azken 5 urteetako batez besteko mozkinak baino % 64 gehiago (2020. urtea kontuan hartu gabe).

Hori gutxi balitz, 2022ko lehen seihilekoan enpresa horien irabaziak % 7,8 hobetu dira aurreko urteko lehen seihilekoaren aldean. Guztira, 29.161 milioi euro urtarriletik ekainera, enpresa horiek 2019 osoan lortutako etekinetatik gertu (31.500 milioi euro).

Energia enpresek eta bankuek beti irabazten dute

Sektoreen arabera, energia-enpresak dira egoera horretan gehien irabazten ari direnak. Acciona Energiak iazko lehen seihilekoan baino % 155 gehiago irabazi du, Iberdrolak % 35 gehiago (2.075 milioiko irabaziak) eta Repsolek 2.539 milioi euroko mozkina lortu du 6 hilabetetan (iaz baino % 105 gehiago). Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari delegatua, kexu zen duela aste batzuk, aparteko mozkinen gaineko zergak enpresen inbertsioari kalte egingo ziolako. Emaitza horiekin zaila da baieztapen hori justifikatzea.

Banku-sektorea ere gaur egungo egoeratik ondo ateratzen ari da. Banco Santanderren irabaziak % 33 hazi dira, Sabadellenak % 78, Caixabankenak % 17, BBVArenak % 57, Bankinterrenak % 10,6... Hori gutxi balitz, Europako Banku Zentralaren (EBZ) interes-tasen igoerak sektore horretan mozkin-aurreikuspenak hobetzea eragin du. Bitartean, jendeak hilean 120-180 euro gehiago ordaindu beharko ditu hipotekagatik (batez besteko hipoteka aldakor baterako).

Beste sektore batzuetako enpresek ere irabazi garrantzitsuak izan dituzte. Florentino Perez Real Madrileko presidentearen ACS enpresak 330 milioi euro irabazi ditu, Acerinoxek 608 milioi eta Arcelor Mittalek 7.942 milioi. Eta ez dezagun ahaztu Marta Ortegaren Inditex taldea, 1.794 milioiko etekin garbia lortu baitu, sei hileko batean lortutako handiena.

Mozkinak euskal enpresetan ere

Ezinezkoa da momentuz enpresa gehienen finantza-informazioa lortzea, baina bai enpresa batzuena. IBEX-35eko enpresak ez dira soilik irabaziak lortzen ari, langile-klasea pobretzen ari den bitartean. Kutxabank Taldeak % 30 handitu ditu mozkinak 2021eko lehen seihilekoarekin alderatuta, 163 milioiko etekin garbiarekin. Laboral Kutxak % 25 gehiago irabazi du (65 milioi garbi). CIE Automotivek % 8,2 handitu ditu bere mozkinak, 160,3 milioira iritsi arte. CAFek 32 milioiko irabazi garbia izan du eta Vidralak 56 milioikoa (biak iaz baino gutxiago). Tubacex bezalako enpresak ere mozkinetara itzuli dira, nahiz eta ustezko zailtasunekin langile asko kaleratu nahi zituzten.

Ez dirudi aurten joera aldatuko denik. Bloomberg negozioetan espezializatutako hedabidearen arabera, Ibex indizearen konpainiek errekor berri bat izango dute, 2021eko mozkin garbia gaindituz, 2008ko burbuila lehertu zenetik aurrekaririk ez duen zifra. Gainera, lehen seihilekoko irabaziak ikusita, aurreikuspen horiek ez dira murriztu inflazioaren eta Ukrainako gerraren ondorioz, baizik eta % 5 handitu dira.