Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroaren lehen urratsak

Euskal Herriak Kapitalari Planto! plataformak Enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentroa sortzearen bidean dagoeneko eman ditu lehen pausuak. Urrian aurkeztutako dokumentuan ezartzen ziren abiapuntuak hartuta, arlo sozial eta instituzionalean bilera ezberdinak egin dira, Legebiltzarrean Giza Eskubideen batzordean Mexiko eta Kolonbiako txostenak aurkeztu dira eta Eusko Legebiltzarrean ere ardura daramatenen aurrean txostenaren eta iniziatibaren aurkezpena egin da. Eztabaida horrek izango duen ibilbidea jakinda, eta oraindik egin beharrekoak diren beste bilera batzuen zain bagaude ere, eragile sozialekin ere biltzen gabiltza eta ELAn hasi gara delegatu, komite eta sekzio sindikaleen esparruan proiektua aurkezten eta beharrezkoak ditugun atxikimenduak lortzeko bidean lan egiten. Nazio Batzordean izan gara eta hortik Zerbitzuak eta Industria federazioetan eragin nabarmena duten sektore zehatzetan ere jorratuko dugu gaia; ehungitzan, banka sektorean, energian, garraioan, etab.
Ezinbestekoa da baina batez ere, guztiz baliagarria gure delegatuekin lan hau burutzea, gaian sensibilizazio eta kontzientziazio maila handitzeaz gain, langile diren enpresen eguneroko praktikak giza eskubideen urraketan ere egon badagoela ezagutzeak balioa duelako.
Ideia argia da, beharrezkoa da sistematikoak diren eta desregulazio publikoan oinarritzen diren praktika hauekin amaitzea, enpresen interesen gainetik interes kolektiboa lehenetsiko duen marko berri bat beharrrezkoa dugulako; Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundien nazioartekotze politikarekin guztiz kontrakoa dena alegia.